::Mikel Etxebarria.
Larunbatean Pagasarrira joan ginen Hamaikaetabateko kide batzuk. Beroa goiz-goizetik handia izan arren, ez zen inor kikildu eta bederatzi eta erdietan abian geunden Aita Donostia Plazatik irten ginenok. Iparraldeko Lorategietan dagoen zubia zeharkatuta, Kobeta Bidetik Altamirako goiko aldera ailegatu ginen. Bide horrek ikuspegi ederraz gozatzeko aukera ematen du, Bilbo osoa, itsasadarra, Galea eta Abra osoa ikusten dira eta.
Atzerapen apur batez, Kobetako garagardotegira heldu ginen. Autobusez joan zirenak hantxe genituen zain fresko bezain gogotsu. Hala ere, Kobetako parkean, igotzen hasi baino lehenago, tropela sakabanatzen hasi zen. Arazoa ez zen fisikoa izan, fisiologikoa baizik. Izan ere, parkean komun bakarra dago eta askoz gehiago izan ziren hustu beharreko maskuriak. Taldea bitan zatiturik Arraitz azpitik doan bidea egin genuen. Bidea asfaltatu berri dago eta ondo seinalaturik; beraz,ez dago galtzerik. Galiziako etxearen ondoan denok elkartu ginen: atzetik zetozenak eta hara kotxez joan zirenak. Ondoko iturrian bizkortzeko eta freskatzeko ura hartu ondoren, bideari ekin genion berriro. Azken tartea izan ezik, Basozainaren etxolara doan bidea erraza da: aldapa handirik gabeko pista zabala. Azken tarte hori, berriz, ibilbideko zatirik gogorrena da, hanketako bikiak protestaka jartzen dituen aldatsa. Hango mahietan, zuhaitzen gerizpean, atsedena hartu genuen, eta bide batez, batzuek lehenengo hamaiketakoa egiteko aprobetxatu zuten. Indarrak berreskuraturik, hogeita bost minutuko igoera behar izan genuen tontorrera heltzeko. Egia esan, ia ordubeteko atzerapenaz heldu ginen gailurrera, baina esaerak esaten duenez, gailurrera gazte heltzeko zahar baten moduan ibili behar da.
Igoeran hamarretakorik egin ez genuenez, hamabietakoa egin genuen. Batzuek esaten dute nekeak eta beroak jateko gogoa kentzen dietela, baina niri ez zait inoiz halakorik gertatu. Pintxoa, bokata, Ernestok eraman zuen gazta… bidean erretako kaloria guztiak berreskuratu nituen di-da batean.Betiko moduan, asto joan eta mando etorri.
Jaitsiera ez genuen denok batera egin. Bakoitzak gehien komeni zitzaion bidea hartu zuen. Batzuek bide zaharra aukeratu zuten San Adrian aldera heltzeko, beste batzuek Errekaldera daraman bidea hartu zuten eta gainontzekook Kobetara joan ginen hango garagardotegian bazkaltzeko. Mahaitik altxatzean batzuen giharrek emandako aginduei erantzuten ez zutenez, 58a hartu genuen Bilbora jaisteko. Une horretan oinez jarraitzeko iradokizuna arriskutsua izan zitekeen.
Astelehenean batzuk Robocop bezala mugitu arren, mintza-txangoak merezi izan zuen.



![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



