::Mikel Etxebarria.
Emakumeek egiten duten kirola beste behin gutxietsi egin dute. Athleticeko neskak kopako finalera heldu, eta berria lupaz aurkitu behar hemengo hedabideetan. Eta zer esan Euskal Telebistak egin zuen emanaldi kaskarraz? Levanteko entrenatzailearen ipurdia ederto ikusi genuen, baina ateen inguruan gertatzen zena ez zegoen ikusterik.
Orain gutxi Sestaok Bigarren mailara igotzeko kanporaketa bat jokatu zuen eta hedabideen jarrera oso bestelakoa izan zen. Biharamunean egunkariek hiru orri bete zituzten partida haren kontura. Futbola Soberano brandya bezalakoa izango ote da? “Futbola: gizon-kontua da”.
Komunikabideen utzikeria nabaria bada, askoz handiagoa eta mingarriagoa da federazioarena. Nesken futbola bultzatu beharreko kirola bada, nori bururatzen zaio finala Ceutan jokatzea? Zenbat zale joango dira Bartzelonatik eta Bilbotik partida ikustera? Horrela saritzen da ia musu truk jokatzen duten jokalarien ahalegina? Erdaraz badago esaldi bat leku batera jende gutxi joango dela adierazteko: «No va air ni el apuntador». Bada, Erreginaren Kopara erregina ere ez da joango.
Egia esan, Athleticek zorte txarra izan du jokatu duen azken finaletan. Denak lekutan. Berdin dio lehenengo mailako taldeak edo gazte-mailakoak izateak. Beste batzuek ,berriz, zorte hobea dutela dirudi: finalera heldu eta etxeko atarian jokatu.
Igandeko partidari begira, gure jokalariek oztopo eta traba guztiak atzean utzi beharko dituzte azken urteetan hainbeste amets urratu dizkigun taldeari egurra emateko. Ea irabazten duten eta 1. LetiKopa itsasadarrean zehar erakusten diguten – kopa esan nahi dut, ez kazetari ohia-

![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



