::Maite Gonzalez Bilbao.
Munduko Txapelketan ezusteko kanporaketak izaten dira, faborito bezala azaltzen diren talde batzuen kanporaketak gertatzen dira. Hau esanda, ez dut ulertzen Espainiako selekzioaren jarraitzaileen artean kanporaketaren ondoren sortutako harridura. Txapelketa hasi baino lehenago taldearen inguruan zalantzak zeuden, baina inork ez zuen ezer esaten (ausardiaren faltagatik agian).
Baina Holandaren aurkako partidaren ostean alarma guztiak piztu ziren. Akatsak, batez ere entrenatzailearena, zuzendu beharrean “estilo” berarekin jarraitu zuen taldeak. Gainera, komunikabideek ez ikusiarenak egin zuten kasu gehienetan, eta indar handia jarri zuten Espainiako Selekzioa goraipatzen.Gero etorriko ziren negarrak.
Futbol zalea naiz, eta orain arte mundialeko ia partida guztiak ikusi ditut. Partiden emankizunak ez dira oso onak izaten, behintzat nire gusturako. Manu Carreño, Juanma Castaño, Camacho eta abarren iritziak entzun behar izaten ditugu, zein baino zein aldrebesagoak. Txileren aurkako partidaren ondorengo justifikazioak barre egitekoak ziren.
Camachoren esaldi batekin geratu nintzen. Hautatzaileak errurik ez zuela esan zuen. Agian bera postu berberean egon zelako edo lagunak direlako justifikatzen zuen Vicente del Bosque-ren lana. Baina nire ikuspuntutik porrotaren errudun nagusia entrenatzailea da. Ez pentsatu errudun dela Holanda eta Txile-ren aurkako partidetan joko sistema okerra erabiltzeagatik, baizik eta Munduko Txapelketara joateko aukeratu dituen jokalariengatik.
Hala ere, errua partekatu behar dela uste dut. Hainbat jokalarik nekatuta agertu dira berdegunean, motibazio barik, egoera fisiko kaskarrean. Jokalari batzuei ere errieta egin beharko zieten. Pertsona batek badaki zein den bere muga eta sasoia. Jokalarien aldetik ulertezina da txapelketari uko ez egitea jakinda talde batentzat zama handia direla.
Merezitako kanporaketa dela uste dut. Orain hausnarketa sakona egin beharko dute.

![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



