::Mikel Etxebarria.
Duela gutxi inoizko kamisetarik itsusienen zerrenda atera dute, eta Athlecen ketchup elastikoa zortzigarren postuan ageri da.
Kamiseta hori Dario Urzay margolari bilbotarrak egin zuen orduko presidenteak aginduta . Izan ere, Lamikiz-ek, Athletic-ek UEFA jokatuko
zuelako aitzakia baliaturik, pentsatu zuen ideia ona izango zela Athletic-ek janzkera berritzailea Europako zelaietan erakustea.
Presidente eta artistaren arteko isilpeko kontua izan zen; horregatik, kamiseta aurkeztu zen egunean sorpresa izugarria izan zen. Ferran Adriak plater xumeekin egiten duen moduan, Dario Urzaiy-k guztiz desegin zuen kamiseta eta hondarretatik elastiko artistiko eta berritzailea atera zuen. Betiko marrek “artropodo” gorri batzuei bide ematen zieten. Beste batzuei, berriz, garagardotegiko afari baten osteko mahai-zapia etorri zitzaien burura: zuriaren gainean ardo merkearen arrastoak.
Futbolean zein moda kontuetan bilbotarrok oso tradizionalak garela aipatu ohi da, eta badirudi egia dela Ketchup sudaderaren aferan prentsa eta zaleen erantzuna ikusita. Kritikak hain zorrotzak izan zirenez, zuzendaritza-taldeak atzera egin zuen eta kamiseta hori behin betiko baztertzea erabaki zuen.
Urzay-k ez zuen erabakia ulertu eta Athleticek artista baten lana ez zuela aintzat hartu adierazi zuen. Dena den, kritika guztiak ez ziren negatiboak izan. Handik gutxira, Gasteizko Artium Museoak kamiseta ikusgai jarri zuen eta hor dirau artezaleen gozamenerako. Gainera, futbola eta artea uztartzeko ideiaren lekukoa beste talde batzuek hartu zuten, eta horren adibide dugu Getxoko Arenasek Urzay-ri enkargatu zion kamiseta taldearen mendeurrena ospatzeko.
Ketchup elastikoa ez zen nire gustukoa izan, baina ez dut uste itsuskeriaren sailkapen horretan zortzigarren postua mereziko duenik, askoz itsusiagoak ikusiak ditut eta (adibideak ikusi). Arbitroak , kobazuloetako prentsa, Europatik datozen arauak… aurka izatera ohituta gaude; bada, beste batzuk igo omen dira gurdira: moda-adituak.
Horixe bakarrik behar genuen!







![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



