hamaikaetabat

juan mateo zabala euskaltegiaren peña

mikel 2014 / 10 / 22

::Supersagu Beltza.

Hiperbolea barka diezadatela. Ez dut arazorik nahi gimnasioetan bere burua zigortzen duten gizaki gihartsu haiekin. Barrabiletatik hartuz gero, ziur nago nirea bezalako gorputz gantzatsua urtu dezaketela aitaren batean. Laguntzearren egin dut, haien hobe beharrez, baina orain arte bezala jarraitu nahi badute, egin dezatela lasai asko! Gainera, ziur asko pozik biziko dira, sekta-mota berri batean murgilduta daudela jakin barik.

dieta-jay-cutler-alimentazione-culturista[1]Sekta baten ezaugarrietako batzuk honako hauek dira: elikadura, janzkera eta itxura aldatu, betiko lagunengandik urrundu, sekta eta sektakideen babesa sentitu beharra … Ezin da ukatu horrelakoak gimnasioen barruan gertatzen direla, eta ez pentsa amerikarren gauzak direnik. Gurean, sabel kupeldun eta ipurdi laburren herri honetan ere, gero eta gehiago dira euskaldunon fisonomiari muzin egiten dioten ardi galduak.

Gimnasio batera joan eta zure gorpuzkera guztiz aldatuko da. Gorpuzkera hori lortzeko, mantra baten antzera, behin eta berriro errepikatu beharko dituzu ariketa berberak. Giharrak hazita, arropa ere aldatu behar da bizepsak eta pektoralak agerian uzteko. Beraz, alkandora eta jaka zabalek lekua utzi beharko diete mahuka laburreko nikiei. Denbora pasata, betiko lagunen gorpuzkeraz lotsatuko zara, zure moduko orkidea ezin izango da laharren artean egon.  Eta noski, lore eder hori  “pentsu berezi batez “ongarritu beharko da. Horretarako, hautsez betetako plastikozko marmitak ezin hobeak dira. Gainera, jateko modu hori arina eta garbia denez, denbora luzeagoa izango duzu sektaren tenplura joateko. Jaiegunetan ere, goizean goiz altxatzeko premia bizia izango duzu eta,  familia, lagunak, rabak, vermuta …  baztertuko dituzu, gimnasioko makinen konpainia nahiago izango duzu eta.

Dena den, sasoiz gabiltzala uste dut. Besoak lurrerantz luzatu ezin dituzten haiek salbazioa dutelakoan nago. Gimnasio batean puztu ezin den gihar bakarrak, kaskezur barruan daukagun gris hark, sentimenduetan agintzen baitu. Horrela, bada, barre edo negar egiteko gogoa, samurtasuna, besteekiko miresmena eta begirune, lotsa eta halako sentimenduak ez dituzte alferrik galduta. Zelatan egon behar dugu heien barruko emozioak noiz agertuko zain eta une hori aprobetxatuko dugu gure haragizko flotagailuak eskaintzeko.

Siniesro Total taldeak aspaldi abisatu zuen bisigodoek ere negar egiten dutela.


Shares