hamaikaetabat

juan mateo zabala euskaltegiaren peña

mikel 2014 / 11 / 24

::Mikel Exebarria.

Kazetaria, diseinugile grafikoa, Aldundiaren liburutegian kultura-ekitaldien arduraduna … Nondik atertzen duzu idazteko denbora?

Ni ez naiz idaztetik bizi, baina idaztea nire pasioa da. Horregatik, beti tarte bat idazteko atera behar dut. Horrela idazteak bi ondorio ditu: batetik askoz denbora luzeagoa ematen dut lan bat amaitzeko eta bestetik, bertan behera geratuko diren lan batzuetan sartzen naiz. Adibidez, une honetan hiru eleberri ditut hasita. Normalean gauez idazten dut, baina oso inspiratuta banago edozein unetan eta edozein lekutan idazten dut.

Musa edozein unetan agertzen delako hori egia da?

Bai, nik tabernetan edo diskoteka betean idatzi dut. Musa datorrenean aprobetxatu behar da. Egia esan, gauza askotan sartuta nagoenez, denbora laburra dut idazteko eta horren ondorioz, gero eta testu laburragoak idazten ditut. Adibidez,  amaitu dudan azken liburua kontakizun labur- laburrez osatuta dago.

Modan jartzen ari dira horrelako lanak.

Horrela da. Horretan sare sozialek zerikusi handia izan dute. Sare sozialek sormen arloan ere eragina dute.

Zure lehenengo liburua Hektorren agenda izan zen. Gaztelaniaz  idatzi zenuen, baina euskaraz argitaratu zen.

Seve Calleja idazlea aspaldiko laguna da. Orain 20 urte eleberria pasatu nion eta izugarri gustatu zitzaion. Hark  Gero argitaletxeko Mari Eli Ituarteri pasatu zion. Mari Elik pentsatu zuen liburua ondo egokitzen zitzaiola une horretan argitaratzen zeuden bilduma bati eta horregatik itzuli zidaten. Liburua 1994an idatzi nuen eta 2000.urtean argitaratu zuten.Bitxia izan zen euskara jakin barik, nire lehenengo eleberria euskaraz argitaratzea.

Alex Oviedo

Alex Oviedo

Duela gutxi Hektorren agenda berriro argitaratu dute, baina gaztelaniaz. Berriro idaztean zerbaitek harritu zaitu? Orain bestela ikasten  duzu?

Nire estiloak orain ez du zerikusirik. Pertsonaia eta istorioa ez nituzke orain erabiliko. Protagonista maiteminduta dagoen gazte tematia da. Haren bizitzan denak bira egiten du maitemin horren inguruan. Estiloa ere oso ezberdina da, orain askoz errazago idazten dut.

Gero, El Unicornio Azul y Las Hermanas Alba etorri ziren, biak nobela beltzak.

Bai, horrela da, eta batez ere El Unicornio azulen kasuan. Bilbon gertatzen da. Protagonista pertsona batzuk orpoz orpo dituela konturatzen da, jazarpen horren arrazoia ulertu barik. Liburu baten inguruko misterioa, hilketa bat … nobela beltzen ezaugarriak daude istorioan. Las Hermanas Alba, berriz, nobela beltz faltsutzat jotzen dut. Ia-ia istorio metaliteraria da. Protagonistari buruan sartzen zaio eleberri beltz bat idatzi nahi duela eta horretarako ahizpa batzuei gertatutakoa aprobetxatzen du bere liburua idazteko.

Bi liburu hauetan Bilbo, Bakio … agertzen dira; hau da, paisaia hurbilak eta ezagunak. Nolako garrantzia ematen diezu zure istorioen kokapenei?

Nire eleberri guztiak Euskadin gertatzen dira, Bilbon batez ere. Bilbo oso literarioa da eta, gainera, nire hiria da. Woody Allenek New Yorki buruz idazten du eta Camilla Lackbergek Suediako herri galdu bati buruz. Zergatik ez dugu guk gauza bera egingo?

 

Kazetari askok fikzioa idazten duzue? Lanbidea nabaritzen da idazteko orduan?

Idazten ohituta gaudenez, abantaila da. Hala ere, alde negatiboa ere izan dezake, kazetarion moduan idazten dugu eta. Kazetariok oso zehatzak izaten gara gauzak kontatzeko orduan, testuak askoz laburragoak izaten dira. Fikzioak “literatura gehiago” eskatzen du.

Eleberriez gain, beste testu-mota batzuk landu dituzu. El Sueño de los Hipopótamos giza-harremanei buruzko kontakizun-liburua da.

Liburuak bi zati ditu. Lehenengo zatian fikzioa da nagusi, lagunen arteko fikzioa da kontakizunen ardatza. Bigarren zatian bikotekideen arteko arazo eta bizipenak deskribatzen dira. Askoz hunkigarriago eta pertsonalagoa da. Protagonistak elkarren bila aritzen dira, elkarrekin bizi nahi dute, baina ez dakite zelan lortu.

Izenburuan hipopotamoak agertzen dira. Zergatik?

Hipopotamoak uretan daudenean, belarriak baino ez ditugu ikusten. Haien gorputzaren zatirik handiena ezkutaturik dago.Gainera, hipopotamoa da Afrikan pertsona gehien hiltzen duen animalia, oso posesiboak baitira. Horrela ikusita, hipopotamoek badute zerikusirik pertsona batzuen izaerarekin.

Poesia ere idatzi duzu. Golpes Bajosekoek kanta batean esaten zutean garai txarrak direla lirikarako. Egia da?

Bai. Aspaldi, El Camino Intermedio izeneko liburua argitaratu nuen, baina orain ez dut inolako gogorik poesia idazteko. Poesia asko argitaratzen den arren, liburuek ez dute irakurlerik. Badirudi idazleak irakurleak baino gehiago direla.

Alex Oviedoren lan batzuk

Alex Oviedoren lan batzuk

Orain dela gutxi, Aldundiaren liburutegian literatura eta teknologia berriei buruzko jardunaldiak antolatu dituzue. Lehenengo hizlaria Jasone Osoro idazle euskalduna izan da.

Jasone ekarri genuen ikuspuntu kritikoa azal zezan. Gauza interesgarriak izan zituen. Haren ustez, teknologia berriak oztopo dira, gure lana eteten dute eta. Sare sozialei kasu egin beharrak idazleen arreta desbideratzen du.

Hala ere, nire ustez, alde onak ere  badaude. Teknologia berriei esker jende gehiagok aukera du bere testuak ezagutzera emateko. Nik idazle batzuk ezagutu ditut teknologia berriei esker. Gainera, irakurleentzat ere lagungarriak dira, 100 liburu poltsikoan eraman baititzakete.

Idazle eta argitaletxe asko horren kexu dira.

Hura beste kontu bat da. Idazlearen lana idaztea da, sentitzen duena kontatzea eta hortik aurrera datorren guztia industria da. Nire iritziz, idazleak ez du horretaz arduratu behar.

Informazioa gordetzeko, bilatzeko …  teknologia berriak funtsezkoak izango dira. Edozein eleberri irakurrita, idazleek denetarik dakitela ematen du.

Aurreko batean, idazle batek esan zidan istorio bat Parisen kokatu zuela Parisen egon barik. Google Mapsekin nahiko izan zuen liburua idatzi ahal izateko.

Amaitzeko, konta iezaguzu zen duzun esku artean.

Mikro-kontakizunez osaturiko liburu bat amaitu berri dut. 85 ipuin labur dira eta horietatik batzuk Aldundiak argitaratu ditu beste idazle batzuen testuekin batera. Bestetik, agente bat dut eta bi liburu mugitzen ari da estatu mailan. Horiexek dira amaiturik ditudan liburuak. Gainera, une unetan bi eleberri idazten ari naiz, biak batera. Horrela idaztea gustatzen zait. Batean aurrera egitea nekeza egiten bazait, bestean jarraitzen dut.

 

 

 

 

 

 

 

 

 


Shares