::Patxi Orcasitas
Atzo arratsaldean, euria ari zuela eta zinezalea naizenez gero, emaztearekin batera Sua filma ikustera joan nintzen. Egia esan, pelikula bortitza, baina oso ona, nire ustez. Filmatuta dago, besteak beste, Bilbon eta Lekeition. Ez dakit pelikulan ageri den Lekeitio ondoko baserria benetakoa denetz; baina, hala bada, ez litzaidake harrigarria gertatuko, “erromesaldi-tokia” bilakatuko balitz, Zortzi abizen euskaldun izeneko pelikulan jazo legez. Istorioaren hasiera ezaguna zaigu, zoritxarrez, Euskal Herrian bizi garenoi: ETAk parking bateko auto bat lehertarazi eta familia bat suntsitzen du, zeren ama hiltzen du eta hamar urteko alabari hankak segatzen baitizkio. Horren ostetik, Coronado (polizia), begi-bistan, onik atera bada ere, jota dago, “barruko sua” amatatu ezinik. Aktoreek, oro har, polito dihardute, baina nik neuk Coronadoren lana nabarbenduko nuke, baita Adalidena ere -poloniar batena egiten du-. Pelikula osoan aktoreen sentimenduak azaleratzen dira, eta protagonistarenak –samina, sumina, barruko erresumina, gorrotoa, aiherkundea, etab.- istorioaren ardatz bihurtzen dira: aurrerantzean, mendekuak biziko du polizia. Hala, bada, mendekua, helburu; eta gorrotoa baino ez darabilelarik gogoan.
Nolanahi ere, harremanetan hasten denean “hiltzailearen” emazte ohiarekin, eta semearekin (Down sindromeduna), ikus-entzuleok nolabaiteko esperantza dugu, gorroto hori ez ote den maitasun bilakatuko; azken buruan, haiek ere galtzaile baitira: sufritu baizik ez dute egin. Amaieran badira, nire iritziz, eszenarik bortitzenak: ez da kasualitatea, ikusleetan, banaka batzuk zinematik irten beharra. Azken finean, hauxe da filmaren gakoa: noreberaren sua nola itzali? Gainerakoei zabalduz? Azpimarratzekoak dira zenbait elkarrizketa, bizitza latzari eta gogorrenari aurre egin behar izan diotenenak; Coronadoren eta Aritzen artekoa, (Down sindromeduna) kasu:
- “Arazoren bat baduzu, adarretatik eutsi, txikitu arte, edo berak, edo zeuk; ez dago besterik. Alferrik da aitzakiak eta estakuruak jartzea.
- baina, izan ere…
- ikusten? Aitzaki-maitzaki. Zuk zer gura duzu aktore izan ala kexati?
- Ni, ordea, ezberdin samarra naiz; ez dakit konturatu zaren.
- Ja! Kexati!
- Aktore!”
Jakina, gorago azaldutako gai nagusi horrez gain, besterik ere jorratzen da, adibidez: ezberdina/bestelakoa izatea; pertsonen autonomia, “arazoak” gorabehera, etab. Badirudi -gure Herriaren baketze-lanetan lagungarria izan daitekeenez- Eusko Jaurlaritzak film interesgarritzat jo duela azaroaren 28an estreinatu den hau. Beraz, esandakoengatik, ikustekoa, inondik ere. Hona hemen trailerra: http://youtu.be/Y3d6zDe6554


![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



