hamaikaetabat

juan mateo zabala euskaltegiaren peña

mikel 2014 / 12 / 7

 

Xabier Gereño Arrarte, Bilbon 1924ko abuztuaren 12an jaio zen. Xabier txikitan Bilbon bizi eta Bizkaiko hiriburuan egin zituen lehen ikasketak. Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz, haren aita  lantokitik kanporatu zuten eta bere etxeko guztiekin Kanarietara joan behar izan zuen, Las Palmasera, bizimodu bila. Kanarietakoa ez zen, ekonomia aldetik, lan txarra, baina aita laster konturatu zen uharte urrun haiek, bertako klima eta bizimodu onak gorabehera, ez zirela euskal familia bat hazi eta hezteko leku aproposenak. Horregatik Bilbora itzuli ziren. Xabierrek Bilbon Merkataritzako Intendente ikasketak burutu zituen, bai eta, gainera, solfeo eta piano ikasketak ere.
Geroago, Xabierrek La Aeronáutica S.A. izeneko enpresan lanean hasi eta hor 33 urtetan zehar kontularitzaren ardura eraman zuen bere gain. Bertako lankide batekin, Manuel Landaluzerekin, txistua jotzen ikasi zuen eta dantza taldeen ekintzak eta bidaiak antolatzeari ekin zion.
Urte batzuk lehenago, 1965ean Ermuko bileran izan zen, Euskal Idazleen Elkartea sortzeko ekitaldian.
Garai hartako irratiek (Herri-irratiek bereziki) euskarari uzten zioten zirrikituez baliatuz, Xabier Gereñok euskal kulturari buruzko lanak irratiratzen zituen, Jose Luis Bengoa Zubizarreta kazetari euskaltzale eta musikazalearen laguntzaz.
Cinsa liburu eta disko argitaletxearen zuzendaria ere izan zen ere, eta horren bidez 42 disko plazaratu zituen, gehienak euskal kantekin, eta batzuk haurrentzako euskal ipuinekin ere.

Lertxundik Cinsarekin argitaratutako diska

Lertxundik Cinsarekin argitaratutako diska

1963. urtean Joan XXIII aita santuak Pacem in Terris entziklika argitaratu zuenean, Estatu propiorik gabeko herrien hizkuntza eta kultura eskubideen arazoa atera zen plazara. Euskara plazara ateratzeko ideia beti egon zen Gereñoren gogoan. Horrela, bada, San Antongo Don Klaudioren sermoi ederrak bezain ausartak entzutearren, Bilboko eta inguruetako jende asko biltzen zen igandero, meza ondoan zazpi kaleetatik euskal giro ederra sortuz. Hortxe biltzen ziren adibidez, Gereñotarrak, G. Aresti, Alfonso Irigoien, Sabin Zubiri, Boni txistularia, eta beste euskaltzale eta abertzale asko ere. Gaurko begiokin begiraturik, euskarazko meza bat Bilbon antolatzea huskeriatzat jo daiteke, baina  giro hartan bizi beharra izan zutenek ekintza hari egiazko aurrerapauso zeritzoten, dudarik gabe.

Gallastegi eta Pujana

Gallastegi eta Pujana abadeak 50.ko hamarkadan

1965. urtean euskal abesti berrien txapelketa eratu zuen Bilbon, baina agintariek debekatu egin zuten. Txapelketa horretan Benito Lertxundik eta Lourdes Iriondok hartu zuten parte, besteak beste.

Xabier Gereñok aparteko begi zorrotza izaten zuen gure hizkuntzaren funtsezko premiez konturatzeko. Horregatik, gaztelaniaz ongi estaliriko arlo batzuk euskaraz gutxi landurik edo oraindik erabat landu gaberik zeudela oharturik, zeregin horretan saiatu zen. Euskaraz irakurtzeko ohitura handirik ez zutenentzat, testu eta irakurgai errazak prestatzen zituen, horien bitartez alfabetatu gabeko euskaldun zaharrek eta esperientzia laburreko berriek lehen pausoak eman zitzaten. Xabier Gereñok idatziriko irakurgai erraz haietan oinarritu zen, jende euskalduna irakurtzera bultzatze aldera.

gereñoEuskaldun berrien premiak ase nahirik halaber, espainolez, frantsesez eta ingelesez ere euskara ikasteko metodoak ere eman zituen argitara, Metodo fácil para aprender euskera básico (1983) adibidez, oinarrizko lexiko eta hiztegi praktikoak ahantzi gabe.
Euskaldunen premia horiei erantzutearren, Euskaldunen Afariak sortu eta antolatu egin zituen 80ko hamarkadan. Afari haien xedeak ez du gaurkotasunik galdu: Bilboko euskaldunei euskaraz egiteko guneak eskaintzea.

Eleberri eta teatro lan ugari idatzi zituen Xabierrek, gaurko munduan girotuak: polizi gaiak, espioitza eta era horretako argudioak. Pertsonaia historikoen biografiak ere bai. Nobela beltza ere bereziki landu zuen. Guztira 70 obra baino gehiago eman zituen argitara.

Euskararen alde egindako lan ugariengatik Euskaltzaindiak 1965eko irailaren 24an izendatua zuen euskaltzain urgazle. Gainera. 1980tik 1988 arte Euskaltzaindian lan egin zuen, erakunde honetako kontabilitatea euskaraz antolatuz. Euskal Irrati Telebista 1983 aldean antolatu zenean, Xabier Gereño haren lehen Administrazio-Kontseiluko kide izan zen. Urte batzuk geroago, 1998ko apirilaren 24an euskaltzain ohorezko izendatu zuten.

Xabier Gereño 2011ko apirilaren 8an zendu zen.

*Artikulu hau Xabier Kintanak Gereñoren omenez idatzi zuen testuaren laburpena da.

 


Shares