Sexu-harremanen salmenta arautu behar da?
Batzuen ustez, prostituzioa ez dago arautzerik, horrela prostituten bizimodu eta baldintza negargarriak zuritzen baitira. Beste batzuek, ostera, sexu- langileen askatasun eta eskubideak bermatzen dituzten legeak izatea beharrezkotzat jotzen dute.
Auzia puri-purian dago Europan, eta herrialde batetik bestera alde handia dago prostituzioa arautzen duten legedietan. Gainera, beste gai batzuetan ez bezala, alderdi, GKE eta talde feministek ez dute iritzi bateraturik. Izan ere, prostituzioaren auzian aurrerakoi eta feministak diren mugimenduetan iritzi kontrajarriak agertzen dira.
Suedian, Islandian eta Norvegian bezeroa zigortu eta prostitutak zigorgabetzat jotzen dituzte. Frantzian debekua erabatekoa da, eta Alemanian eta Herbeheretan, berriz, ez dago inolako trabarik sexu-zerbitzuak emateko edo erosteko. Gure artean, alegaltasuna da nagusi. Kasu gehienetan agintariek prostituzioaren ikusgarritasunean kokatzen dute arazoa, prostituten lan baldintzei erreparatu gabe. Herritarren Ziurtasunerako Legearen arabera, sexu-langileak zein bezeroak isunez zigor daitezke, baldin eta prostituzioa eskola edota haurren ohiko guneetatik hurbil egiten bada edo errepidetik doazen gidarien arreta oztopatzen badu.
Lege anabasa zuzentze aldera, martxoan Europako Parlamentuak ebazpen bat onartu zuen, bezeroak zigortzen dituen eredua babestuz. Hala ere, ebazpena Europako Sexu-Langileen Nazioarteko Batzordeak gogor kritikatu zuen, prostituten iritzia kontuan hartu ez izanagatik. Batzordearen ustez, bezeroak zigortuz gero, prostituzioa, desagertu ordez, kontu ezkutua izango da eta horrek arazo gehiago sortuko dizkie sexu-langileei. Badirudi Sevillan eta Bartzelonan gertatutakoak arrazoia ematen diela Batzordearen kideei. Bi hiri horietan bezeroak ” in fraganti” harrapatzeko sarekada ugari egin dira, baina kaltetu bakarrak prostitutak izan dira. Orain arte, paperik gabeko prostituta ugari eta bezero bakar batzuk jausi dira poliziaren sareetan . Proxeneta-alerik ez.
Argi dago sexu-langileen eskubideak bermatzen dituzten legeak ezartzea ez dela hain erraza, are eta gehiago interesatuen artean adostasuna erabatekoa ez denean. Guztiek euren eskubideak aldarrikatzen dituzte, baina eskubideak eta beharrak arautzen dituen legedi zehatzaren aurka daude. Zelan islatu lan-hitzarmen batean prostituitzera beharturik dauden gizon/emakumeen eskubide eta betebeharrak?
Gainera, gauzak gehiago nahasteko, Europako ministro batzuei bururatu zaie sexu-langileen jarduera kontuan hartzea Barne Produktu Gordina kalkulatzeko. Poliziaren sarekadetan jausten direnek estatu askoren ekonomia salbatu beharko omen dute.
![images[1]](http://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/images12-300x131.jpg)


![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



