Logelako argia itzali, ohean sartu, eta sakelakoan azken orduko mezuren bat iritsi den begiratu. Lo egin aurreko ohiko errutina bihurtu da. Edo antzekoren bat, bai, behintzat: liburu elektroniko bat irakurtzea, azken orduko berriak tableta batean irakurtzea… Lo egin aurretik aparatu elektronikoak erabiltzeak loan eragina duela dio, baina, Brigham eta Emakumeen Ospitaleak egindako ikerketa batek. Aztertu dutenez, txarra da aparatu elektronikoak gauean erabiltzea; baita, lo egin bitartean, piztuta daudela, ondoan edukitzea ere. Argia igortzen duten gailuak dira ekidin beharrekoak, ikerketaren arabera. Gizakiak lo egiteko behar duen melatonina hormona murriztu egiten baitu argiak.
Hamabi parte hartzailerekin egin dute ikerketa Brigham eta Emakumeen Ospitaleko Anne-Marie Chang, Daniel Aeschbach, Jeanne F. Duffy eta Charles A. Czeisler ikerlariek. Bost egunez, eta oheratu aurretik, liburu elektronikoak irakurri zituzten parte hartzaileek tableta bat erabilita; ondoren, beste bost egunez, paperean errepikatu zuten esperimentua.
Ikerlariek ondorioztatu dutenez, liburua euskarri elektronikoan irakurri zuten egunetan gehiago kostatu zitzaien parte hartzaileei lo hartzea, eta denbora laburragoa eman zuten loaren REM fasean. Tresna elektronikoak oheratu aurretik erabiltzea kaltegarria izan daiteke. Baina ez orduan bakarrik. Asko dira sakelakoa piztuta gau mahaian uzten dutenak, eta horrek ere eragina du loan. Gailuak gelatik kanpo uztea gomendatzen dute. Betazalak itxiak eduki arren, antzeman egiten ditugu piztu egiten diren argiak edo aktibatzen diren pantailak, eta horrela loaren zikloak eten egin daitezke. Izan ere, sakelakoak alboan edukitzean, soinua edo bibrazioa entzutean, errazago esnatzen gara. Sakelekoek alerta egoera handitu egiten dutenez, maizago esnatzen gara espero ditugun mezuak noiz iritsiko zain.
Berria. (Moldaturik)

![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



