Urte luzez euskalgintzan ibili ondoren, Maria Luisa Laka jubilatu berri da. Guk elkarrizketa egin diogu euskaltegiaren hasierako urteak gogoratzeko.
Izatez, markinarra zara, baina txikitan Venezuelara joan zinen familiarekin. Zergatik joan zineten?
Lehenengoz, aita joan zen. Garai hartan lana ez zegoen batere ondo, batez ere Makina inguruan. Aita nahiko abenturazalea zen eta hara joatea erabaki zuen. Bi urte beranduago geu joan ginen.
Zelako bizimodua egiten zenuten Venezuelan?
Los Llanos-en, Portuguesa izeneko eskualdean egon ginen. Aita nekazaritzan ibili zen. Han hamabi bat urte eman genituen. Ikasketetan hantxe hasi nintzen, baina batxilergoa ezin izan nuen amaitu hona itzuli ginelako.
Markinara itzuli zineten?
Bai, baina ikasketak amaitzeko nebak eta biok Portugaleteko ikastetxe batera joan behar izan genuen. Garai hartan Markinan ez zegoen instituturik; horregatik, bi urte eman genituen Portugaleteko barnetegi hartan.
Nola hasi zinen euskalgintzan?
Unibertsitatera joan aurretik, Mikel Zaraterekin eta Ricardo Badiolarekin alfabetatzeko ikastaro batzuk egin nituen. Gero, Euskal Filologia ikasten hasi nintzen eta orduantxe esan zidaten AEK-n irakasleak behar zirela. Izena eman nuen eta Iralara bidali ninduten, hor irakaslerik ez zuten eta. Eskola ematen 1978an hasi nintzen. Hasiera-hasieratik Imanol Unzurrunzagarekin, euskaltegiko lehenengo zuzendariarekin egon nintzen.
Garai hartan sortu zen Juan Mateo Zabala euskaltegia?
Euskaltegia beranduxeago sortu zen, 1981ean. Garai hartakoa gau-eskola zen eta AEK-ren barruan geunden. AEK-k 500 pezeta ikasleko eskatu zizkigun, materiala eta irakasleentzako ikastaroak antolatzeko. Gure ikasleek ezer ordaintzen ez zutenez, gastu haiei ezin izan genien aurre egin. Horregatik , 1981ean gure kabuz hasi ginen frantziskotarrek Vista Alegre kalean utzitako lokal batzuetan.
Imanol Unzurrunzaga lehenengo zuzendaria frantziskotarra zen. Zelako harremana izan zenuten frantziskotarrekin?
Haien lokaletan geunden eta alokairua ordaintzen genien. Imanol frantziskotarra zen, baina lokal haietara joan aurretik ibilia zen eskola ematen. Frantziskotarrek baldintza batzuk jarri zizkiguten; adibidez, ostiraletan ezin genuen eskolarik eman, gelak beste zeregin batzuetarako behar zituztelako. Gainera, lokalak Itxaropen Telefonoarekin eta erizaindegi batekin partekatzen genituen. Horren kontura egoera barregarri batzuk gertatu ziren.
Zelan burutu zitzaizuen Gordonizera, etortzea?
Lekua txiki geratu zitzaigun. Gainera, HABEk 1982an Normaltze Dekretua atera zuen eta horren arabera, eskola egunero eman behar zen. Gelen tamaina eta ezaugarriak ere arautu ziren dekretu hartan; adibidez, gelek 20 metro koadro eta leihoak izan behar zituzten homologatuak izateko. Vista Alegren ezinezkoa zen Normaltze Dekretua betetzea.
Imanol Unzurrunzaga ere etorri zen Gordonizera?
Bai, baina gutxi iraun zuen. Imanol, Iberdrolak atera zuen Hitz Egin metodoa koordinatzen zebilen, eta han geratzea erabaki zuen.
Zuzendari ere egon zinen.
Hiru urtez egon nintzen. Imanol gauza askotan sartuta ibiltzen zenez, bilera askotan neuk ordezkatu behar izan nuen euskaltegia. Bera joan zenean hasi nintzen zuzendari.
Nolakoak ziren garai hartako ikasleak?
Asko euskararen aldeko militantziagatik etortzen ziren. Garai hartan euren helburu nagusia euskaraz egitea zen. Komunikatzea interesatzen zitzaien, ahoz batez ere. EGA titulu bakarra zen, baina bakar batzuen helburua baino ez zen. Geroago, 1983tik aurrera, herri-administrazioaren langileak euskalduntzen hasi ziren eta titulu ugari agertu ziren. Titulu horiek guztiak martxan jarri zirenez geroztik, ikasleen profila aldatu zen, eta horrekin batera eskola emateko modua.


![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



