hamaikaetabat

juan mateo zabala euskaltegiaren peña

Iñaki 2016 / 05 / 26
333518985_201605231757113041040_16391

Bisonteak: ezkerrekoa Europan ezagutzen den «ehizatuena» da.

Aurreko egunean, maiatzak 24, sekulako zalaparta eragin zuen prentsan Atxurrako kobazuloan (Berriatua) duela 14.000 urteko grabatu eta pinturak aurkitu izanak.

Jende askok pentsatuko zuen orduan, nola izan daiteke orain arte inork ikusi ez izana? Zer egiten du euskaltegiko bulegariak hor? Benetakoak ala gezurrezkoak ote dira?

Galdera horiei erantzuten saiatuko naiz, 2015eko irailaren 25eko neure eguna nolakoa izan zen aitortuz. Espero dut galdera horiei erantzuteko kapaz izatea, kontakizun honen bidez.

333518985_201605231755185084802_16391

Diego Garate, zaldien panelaren aurrean.

Diego Garate neure lagun arkeologoak, egun batzuk lehenago, Atxurratik bisitan pasatu behar nintzela esan zidan watsapp bidez. Berak zuzentzen zuen arkeologo-taldea (Joseba Riosekin batera) Berriatuko kobazulo horretan zebilen, aita Barandiaranek 1930eko hamarkadan utzitako testiguak industen.

Esan beharra dut kobazuloa oso ezaguna dela zonaldean, Markinatik Lekeitiorako errepide alboan dagoelako eta bertako gazteek askotan bisitatzen dutelako, abentura bila.

Irailaren 25a heldu zen orduan, barikua, neuk goizetan bakarrik lan egiten dudan eguna, eta hori horrela zela aprobetxatuz, 13:30ean, lanetik irten bezain pronto, autoa hartu, eta Lekeitiorantz jo nuen, asteburua bertan pasatzeko asmoz (bertakoa dut familia).

Diego eta lagunak Atxurran zeudela jakinda, eta Lekeitiorako errepide alboan dagoela kontuan hartuz, bisitalditxo bat egitea erabaki nuen.

Bertara heldu nintzenean, 15:30ean gutxi gorabehera, Diegok azaldu zidan induskatu zuten testiguaren estratigrafia. Kobazuloak magdalein aldiko erdi-goi partean (Santimamiñe edo Altamirako bisonteen garai berean) izan zuen okupazio intentsuaz aritu ginen berbetan, eta orduan galdetu nion ea kobazuloko hormak ondo begiratuak zituzten.

Berak baietz esan zidan, baina Armiña (Atxurra azpiko kobazuloa eta hari atxikia) hobeto begiratu behar zutela aitortu zidan; Atxurra nahiko laburra baitzen bere ustetan, estutasun batzuetan bukatzen zelako. Orduan konturatu nintzen Diegok, estutasun horietara heltzean, aurrera jarraitzen zuela, zuzen. Bertako gazteok, ordea, oso ondo ezagutzen genuen kobazuloa, eta bagenekien, estutasun horietara heltzean, eskumarantz zegoela pasabidea eta ez zela zuzen jarraitu behar.

Berari komentatu nion, eta kobazulo barrura bisitalditxo bat proposatu nion. Neuk espeleologia-arropa neraman, baina berak indusketetarako arroparekin sartu behar izan zuen. Katazuloak (une estuak) behin gaindituta, gure aurrean ageri zen galeria handian hormak begiratzen hasi ginen: bera azpiko parteak ikuska ibili zen, eta neu, galeriako parte altuetara eskalatzen eta zoko zailak esploratzen.

Horrela ibili ginen 300 bat metro, galeriaren forma aldatu zitzaigun arte. Bertan galeria nabarmen estutzen zen, baina altueran, ordea, asko handitu (2-3 metroko zabalera hartzen zuen gehienez galeriak; altueran, ordea, 10-15 metro baino gehiago). Gainera, estalaktita eta zutabe ederrez josita zegoen parte hori.

Une horretan, 4 bat metroko altueran, ikusi nuen kostra estalagmitiko baten azpian salatxo batera eramaten zuen sarreratxo bat zegoela, arku formarekin. Bertara igotzea erabaki nuen: salatxo txiki batean nengoen, kobazuloko planoetan agertzen ez zena. Leize-hartzen hobiak zeuden lurrean, eta horma liso eta okertu bat. Kaskoaren argia zehar jarri nuen, ea grabatuak zeuden ikusteko eta… bisonte baten atzealdea ikusi nuen!

Urduri jarri nintzen bat-batean, beldurra moduko zer edo zer sentitu nuen, adrenalina igo egin zitzaidan eta… zoro baten moduan oihuka hasi nintzen. –“Diego!!! Diego!!! Hemen animaliak daude!!!”. Diegok, ordea, ez zekien non sartua nintzen ere, eta nahiko denbora joan zen ni nengoen gelara heldu zen arte. Bera heldu, eta bertan animalia gehiago zeudela ikusi genuen.

Gogoratzen dut sentimendu nahasketen fase bat bizi izan genuela. Lehendabizi euforiak gain hartu zigun, geroago zuhurtziak (Lehendabiziko begirada batean, grabatuak itxura freskoa zuela ematen zuen… “norbait guri zirikatzen ote dabil?”). Gainera, grabatu batzuen gainean karburo orban bat zegoela zirudien (keak eragindako orban beltza). Gelatxoa arakatzen jarraitu genuen eta grabatu gehiago eta gehiago deskubritzen. Eta horri esker, konturatu ginen benetako aurkikuntza baten aurrean geundela, zeren grabatuek patina zuten (grabatuen ildoek denboraren poderioz, hautsez betetzen direnean, hormaren kolore bera hartzen dute) eta batzuen gainean hazi baitziren formazio estalagmitikoak (milaka urte behar dituzte hazteko). Gainera, beraien estiloa Magdalein aldikoa zen, dudarik gabe. Beraz, 14.500 eta 12.500 urte bitarte zituzten grabatuek.

Pozak zoratzen jarri ginen, eta une horretan panelari begira lurrean etzanda nengoela, karburoa zela uste genuen hori egiatan lerro beltza zela ikusi genuen grabatu bat errepasatzen zuena. Orduan ikusi genuen animalia irudiak grabatuz eta ikatzez errepasatuak zeudela.

Halako batean, Diegok sekulako aurkikuntza baten aurrean geundela esan zidan, zeren bertan oso egoera onean zeuden dozena bat animalia baino gehiago baitzeuden.

Geroago, galeriako zona ezkutu gehiago (alturetan, batez ere) grabatuz eta pinturaz josita zeudela ikusi genuen. Bereziki gogoratzen dut Diegok zaldien panela aurkitu zuen unea:

Hainbeste grabatu zeudela ikusita, banatzea eta nor bere aldetik begiratzen joatea erabaki genuen. Neu erlaitz arriskutsu batera igotzen nenbilenean (5 bat metroko altueran) Diegoren oihuak sekulako oihartzuna eragin zuen galerian –“IÑAKIII!!!! ETORRI HONA!!! SEKULAKO ANIMALIA IRUDI POLITAK DAUDE!!!”

Eman zidan sustoarekin, ia ia erori eta burua apurtu nuen!!! –“Diego!!! Zoratu egin zara ala???”

Korrika joan nintzen berarengana. Heldu eta isilik aurkitu nuen horma bati begira. –“Ze ostia? … Aiba dios!…” Isil-isilik egon ginen minutu batzuk geziz jositako bisonteari eta zaldi ederrei erreparatuz. Izoztuta geundela ematen zuen.

–“Iñaki, goazen kanpora, gaurkoz nahikoa ikusi dugula uste dut”. –“Arrazoia duzu, honela jarraituz gero, zerbait hondatuko dugu, nahi gabe bada ere”.

Lurrazalerako bide luzea isil-isilik egin genuen. Estalagmiten tantak baino ez ziren entzuten. Kanpora irten ginenean, indusketan zebilen jendeak harrituta begiratzen zigun. Arratsaldeko 18:30ak ziren! –“Zer egin duzue hainbeste denboran hor barruan” –“Zergatik daukazue zonbi aurpegi hori?” Geuk ez genekien zer erantzun… –“Oso kobazulo luzea da eta nekatuta gaude”.

Errepide alboan jesarri ginen, iraileko eguzki azpian. Uste dut ez genuela deusik ere esan arratsalde guztian.

Gau horretan aitortu beharra daukat lo hartzeko garagardo asko hartu behar izan nituela. Flipatzen nengoen. Hala ere, hurrengo egunean, goizean goiz autoa hartu eta ostera ere joan nintzen Atxurrarantz Diegorekin. Berriz ikusi BEHAR nuen hori.

Egun horretan abisua eman genion Diputazioari, eta berriz itzuli ginen kobazulora Olivia Rivero arkeologoarekin. Berarekin batera, animalia irudi asko antzeman genituen (Bisonte eta zaldiez aparte, oreinak, ahuntzak, zezen prehistorikoak –uroak- eta elur-oreina ematen zuen animalia arraro bat) eta ikusi nuen erlaitzetako lurzoru asko 14.000 urtetan zapaldu barik zeudela (bertan margolanak egin zituzten pertsonek utzitako silex eta ikatz arrastoak zeuden, edota lokatzean utzitako hatz markak).

Handik egun gutxira burdinhesiz babestu zituzten kobazuloak, eta herenegun arte diskrezioz gorde behar izan dugu gure sekretua.

2 Erantzun orain arte.

  1. Jon Orcasitas dice:

    Oso artikulu bikaina, egindako aurkikuntzaren parera! Zorionak, benetan! Orain, zer pauso jarraitu behar dira? Hemendik aurrera etorriko den lana nork bideratuko du? Erakundeek, arkeologoek, espeologoek?

    Imaginatzen dut. Hemendik urte batzuetara, orain gutxi Altamira pelikula filmatu den moduan, zergatik ez ote da «Atxurra» pelikula egingo? Zein aktore jarriko da Iñakiren paperean…jeje

  2. Iñaki dice:

    Orain, kobazuloetan lanean ibiltzen garen guztion elkarlana beharrezkoa izango da, bakoitzak dagokion disziplinan lan egin beharko du, Atxurran lan global bat burutzeko.

    Hau da, besteak beste, neu nabilen taldea (ADES espeleología elkartea) eta Diego Garateren taldea (Edestiurre arkeologia elkartea) elkarlanean ariko gara, bakoitzari dagokion lanetan ibiltzeko:
    Espeleologook, kobazuloa esploratu, topografiatu (planoa egin) eta arriskurik ez izateko egokitu beharko dugu (Sokak eta abar ipini).
    Arkeologoek, sarreran industen jarraitu beharko dute, eta noski Kobazulo guztia denon artean miatu beharko dugu, artelan edo arrasto gehiago dauden bilatzeko (egon, ziur izan egongo direla, kobazuloaren herena ikertzeko falta zaigu eta!).
    Emaitzak, ziur aski, publikazio monografiko batean aurkeztuko dira, etorkizunean.

    Lanean hasteko irrikitan gaude!

    Eta pelikulak… itxaron beharko du!!!


Shares