Lehengo larunbatean Atletico Feminas taldeari irabazi ostean Athleticeko neskek errazago daukate liga irabaztea. Sailkapeneko hirugarrenari irabazi izanak eskura jarri die txapelketa bilbotarrei eta, gauzak ondo bidean, beste titulu bat eskuratuko dute aspaldiko partez.
Lesio larriak gorabehera, Athleticek denboraldi zoragarria egin du eta ustez handiagoak ziren beste talde batzuen aurka aritu da inolako konplexurik gabe.
Balentria handia baina oihartzun txikia. Igandeko egunkari guztietan begiratuta, aipamenik ez lehenengo orrietan. Barrukoetan, betiko moduan, futbolari buruzko berri ugari, baina gehienak gizonezkoen futbolari zegozkion: Laporteren fitxaketa, Zamudioren garaipena Laredon, Barakaldo eta Leioaren partiden aurreko kronika … Hirugarren eta Bigarren Bko partidak izan arren, askoz arreta handiagoa eskaini zieten Ohorezko Mailaren titulurako erabakigarria izan zitekeen partida bati baino. Egia esan, hemengo prentsaz ezin gehiagorik espero; izan ere, pasa den astean ez zen kazetaririk agertu Joseba Agirreren, entrenatzailearen, prentsaurrekora.
Kirol-kazetari batzuek eztabaida kirola baino gustukoagoa dute; beraz, ez harritu taldeaz paso egin duten kazetari horiek hemendik gutxira gabarraren kontura bazterrak nahasten hasten badira.

![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)




Hala da, pasa den astean, ez zen kazetaririk agertu prentsaurrekoan. Egia esan nik aipamen gehiago ikusi izan ditut sare sozialetan egunkarietan baino. Berdintasuna lortu nahi bada, urrats gehiago eman behar dira, kazetarietatik hasita. Ez dakit aurrerapausoa den, baina denboraldi honetan hainbat partida telebistaz ikusi ahal izan dira (Bein Sports), nahiz eta ordutegirik onena ez izan (larunbat goizetan). Datorren urteari begira Espainiako Futbol Federazioak edo Futbol Liga Profesionalak, bietako batek, emakumezkoen futbolari urtero eskaintzen dion aurrekontua igoko du.