hamaikaetabat

juan mateo zabala euskaltegiaren peña

mikel 2016 / 06 / 17

Futbola barik, zaleen arteko liskarrak izaten dira Europako Koparen protagonistak. Zer dute buruan jarraitzaile horiek? Zelan da posible Europa alderik alde zeharkatzea istiluak eta beldurra barreiatzeko asmoz? Egia da futbola pasioa dela, baina pasio horrek gainontzeko taldeetako zaleak etsai balira bezala ikustera badarama, futbolarekin zerikusirik ez duen beste arazo batez ari gara.

XX. mendearen amaieran gertatu ziren liskar larrien ondoren, muturreko zaleen arazoa kontrolpean zegoela zirudien, baina azken jazoerek argi erakutsi dute hartu ziren neurriek ez dutela balio izan egungo ultrei aurre egiteko.

images 1Ez dago zalantzarik errudun nagusiak zale ganorabakoak direla, baina ezin gara horretan geratu. Alkohol eta gazte txoriburuez gain, beste erakunde batzuek ere erantzukizun handia dute eta. Adibidez, UEFA agerian geratu da. Kaleko zein zelaien barruko istiluak gorabehera, ez da ausartu Ingalaterra eta Errusia  kanporatzera. Gazprom petrolio-enpresa errusiarrak UEFAren babeslerik handienetako bat izateak zerikusia izan omen epelkeria horretan.

Hala ere, zenbait gobernuren jarrera UEFAren txepelkeria baino askoz arbuiagarriagoa da. Errusiako gobernuak protesta egin dio Frantziako enbaxadoreari zale errusiarrei tratu duinik ez emateagatik. Otsoak ardi bihurtzeko ahalegin horretan Errusia ez dago bakarrik; izan ere, Serbia, Kroazia, Turkia, Polonia … bezalako herrietan talde eskuindarren agerpena sustatzen ari da euren aberria, erlijioa eta baloreak defendatze aldera. Egiten dutena egiten dutela, tokian tokiko prentsa eta gobernuak nazi berri horien portaera zuritzeaz arduratuko dira.

Aste honetan Espainiak Turkiaren aurka jokatu beharko du, eta badirudi bi kultura eta bizimoduren zaintzaile fidelak lotu direla elkar jotzeko. Horrela, bada, Ultrasur, Frente Atletico eta Frantziako beste talde batzuen zaleek ekialdeko fedegabekoen aurkako ehizaldia iragarri dute. Adi egon!

Saladino eta gurutzatuen garaia duela 800 urte itxi zen, baina asko omen dira zauri zaharrak berriro irekitzeko prest daudenak.

Erantzun bat orain arte.

  1. Jon Orcasitas dice:

    Ezin da onartu hooligan hauen jokabidea. Adibide moduan, Ingalaterrak eta Errusiak jokatu zuten partidan istilu handiak izan ziren. Eta hori gutxi ez, eta bigarren partidan, bi selekzioak 40 kilometrora baino ez ziren egon. Batak Lillen jokatu zuen eta besteak Lensen. Gainera Lens, hiri txikia denez, bi selekzioetako zale gehienek hotela Lillen zuten. Eta noski, iskanbila eta arazoak sortu zituzten, partida aurretik eta ostean.

    Zergatik jartzen dituzte multzo berean Ingalaterra eta Errusia, bi herrialdeen arteko harremana ona ez bada? Zergatik sailkatze fasean Serbia eta Albania elkarren kontra lehiatu ziren haien arteko guda ostean sortutako arazoak konpondu ez badira? Zein izango da hurrengoa, bi Irlandak multzo berean jartzea?

    Futbolari dagokionez, behintzat, ideia ona izan da talde gehiago egotea. Izan ere, orain arte egon diren partida guztietan parekotasuna izan da nagusi.


Shares