Uriartek, Sestaoko beste jokalari askok bezala, Patronatoko eta «Los Hermanos» ikastetxeko patioetan jokatu zituen lehenengo partidak. Sestao betidanik izan da lur ongarritua maila handiko jokalariak loratzeko. Venancio, Panizo, Etura eta Uriartek gerraren osteko gogortasun eta samintasunaren aurkako baltsamo izan zuten futbola.
Uriarteri buruz ditudan lehenengo oroitzapenak oso lausoak dira, umea nintzela Athletic utzi zuelako, baina inoiz ahaztuko ez zaidana da aitak Uriarte aurkeztu zidaneko eguna. Gau hartan futbolean nuen idolorik handienak bostekoa eman zidan Portugaleteko Zubian. Amak dio lanak izan zituela eskuak garbi nitzan. Celtaren aurkako gaurko partidan, berrogei urte baino gehiago igarota, esku horiek beriek gogoz egingo dute txalo Urbinagako lehoiaren omenez.