Duela 2 aste 48.121 ikusle bildu ziren San Mamesen emakumezkoen partida bat ikusteko. Athletic eta Madrilgo Atleticoren arteko norgehiagoka hizpide izan da hemengo zein kanpoko hedabideetan. Izan ere, aurreikuspen guztiak txiki geratu ziren eta marka guztiak apurtu ziren. Ondorioa berehalakoa izan da: geure buruari neurririk gabeko lore zaparrada itzela bota diogu eta partidak gure egoa hodeietara eraman du hegaz. Berdintasunaren aldeko gizartea osatzen dugula, Athletic horretan ere talde berezia dela, emakumezkoen futbolean aitzindariak garela … ; hau da, “barrakaren jabeak” Los putos amos” edo Iribar bezain kojonudoak garela sinetsita ibili gara tarte batez. Hainbesteko loria eta hainbeste laudorio entzunda, gure harrotasunean kabitu ezinik egon gara.
Zoritxarrez, berdintasuna nagusi zen zeru horretatik erori gara, erorketa librea eta jausgailurik gabekoa. Gurean, beste leku askotan bezala, emakumeek gizonek baino gutxiago irabazten dute; lanean nekez heltzen dira goi-mailako postuetara, baina etxea eta familia ederto gobernatzen dituzte; jai batzuetan parte hatu nahi izateagatik iraintzen dituzte; txoko askotan debekatuta dute sarrera …
Gauzak benetan aldatu nahi baditugu, haratago joan behar dugu. Ezin gara ekitaldi bakan eta folkloriko batera mugatu. Aldaketa benetakoa izan dadin hauspoa indartsu eta etengabekoa izan behar da. Tamalez, batzuk oso azkar nekatu dira hauspoari eragiteaz. Duela 10 egun 47.800 ikusle gutxiago egon ziren neskak ikusten.
Hona nire hausnarketa:
Lehenengo eta behin, esan behar dugu oso datu interesgarria eta pozgarria dela. Izan ere, emakumezkoen futbolak Europa mailako partida baten bildu duen zale kopururik handiena da. Era berean, neurri egokiak eta eraginkorrak hartuz gero, zenbaki kopuru honek emakumezkoen futbolari mesede egin liezaiokeela uste dut. Eta hala diote, bai futbolariek, bai futbol munduan dabiltzan kazetariek. Hala eta guztiz ere, egoera kontextualizatu beharko genuke. Nire ustez, sarrerak dohain banatzearen ideiak lagundu zuen San Mamesen zale kopuru handia lortu ahal izateko. Akaso ordaindu beharreko partida izan balitz, adibidez, mutilen partidetan kobratzen duten beste, eta ordutegia txarra zela kontuan hartuta, lepo egongo zen zelaia?