![]() |
![]() |
Joan den martxoaren 20an hauxe argitaratu zuen Auschwitz-Birkenau museoak bere twiter kontuan (https://twitter.com/AuschwitzMuseum): “When you come to Auschwitz Memorial / Muzeum Auschwitz remember you are at the site where over 1 million people were killed. Respect their memory. There are better places to learn how to walk on a balance beam than the site which symbolizes deportation of hundreds of thousands to their deaths,”, hau da, “Auschwitz Museora etortzen zarenean, gogoratu ezen milioi bat pertsona baino gehiago bertan erail zituztela. Begiratu haien memoria. Izan ere, barra batean orekan ibiltzen ikasteko badira leku hobeak milaka lagun heriotzetara erbesteratu zituzten trenbideak baino”
Bisitari batzuek horrelako tokietan selfiak ateratzen dituzte sare sozialetan atsegin dut asko lortzeko asmoz. Pawel Sawickik museoko komunikazio arduradunak esan duenez, haien jarrerak dira ezegokiak argazkiak eurak bainoago: jostagarriak, errespetugabeak… Horren guztiaren muga, ordea, ez da batere argia, argazkigileen jarreran eta asmoan ezartzen baita.
Bestalde, Josu Chueca historialariak dio toki horiek ez direla sakralizatu behar —eliza laikotzat hartu, alegia—, nahiz eta halako jarrerak itsusi eta gaitzesgarriak izan. Muga, agian, probokazioa eta fribolizazioa izan liteke. Dena dela, memorialek jatorriz helburu turistikoa ez zuten arren, denboraren poderioz turismo gune bihurtu dira, eta hori kontrolaezina da.
Maialen Garmendia soziologoaren irudiko, berriz, halako selfietan garrantzitsuagoa da pertsona, tokia edo gertaera baino: argazkiaren erdi-erdian norbera egotea. Jakina, toki guztiek ez dute balio bera, sonatuak behar dute izan.
Ideia nagusiak artikulu honetatik atera ditugu: https://www.berria.eus/paperekoa/1901/038/001/2019-04-03/objektiboa-lekuz-kanpo.htm
Eta zuk zeuk, irakurle, non jarriko zenuke muga?
Egiptoko piramideak egiteko milaka esklabo hil ziren arren, inork ez dio txarto irizten Keops-en argazkiak ateratzeari. Horrelakoetan ateratako argazkiak berez ez dira irainagarriak eta ez dute biktimekiko begirune falta adierazten. Neska horren argazkian ez dut asmo txarrik ikusten, baina beste kontu bat izango litzateke biktimen ondorengoentzat mingarriak suerta daitezkeen keinuak, ikurrak edo adierazpenak zabaltzea.