Susaetaren agurrak anaiarteko guda berri bat piztu du zaleen artean. Taldean gertatzen den guztia eztabaidagai bihurtzen da. Neurri batean, eztabaida beti komenigarri eta beharrezkoa da, zentzuzko eztabaidak taldearekiko kezka eta ardura erakusten du eta. Beste kontu bat da, ordea, hauteskundeak tarteko, lehen beltz-beltza zena orain zuri aratza izatea.
Susaetak taldea utziko zuela iragarri zenetik, erabakiaren aldeko zein kontrako mezu sutsuek berotu dute sarea. Askok berria emateko moduari; hau da, gaueko bederatzietan igo zuten txioari, txarto iritzi diote. Hori dela eta, ez dira gutxi izan Elizegiri leporatu diotenak hainbestetan kritikatu zuen komunikazio politikari jarraitzea.
Eta zer esan jokalariaren gaitasunaz zabaldu diren mezuez? Mezu horiek irakurrita, Susaeta ezagutzen ez duen batek ez luke jakingo nortaz ari diren: Eibarko Pele-z edo Apurtuarten jokatzeko ere balio ez duen jokalari batez.
Futbolean ohikoak diren kontuak lasai hartu behar ditugu. Erabaki guztien ondoren ezin dugu izugarrizko zalaparta sortu. Athleticek otso ugari ditu inguruan, uneoro kosk egiteko prest daudenak. Gure artean borrokatu barik, Tebasen, De la Morenaren , Abascalen eta horien guztien aurka egin beharko genuke, benetako etsaiak horiexek dira eta.
Argazkia:jechevarria.Mundo Deportivo
Nire ustez, gure iritzia ematerako orduan, bi alderdi desberdindu beharko genituzke: kirol arloa eta instituzionala.
Alde batetik, nahiz eta talde bat baino gehiago garela esaten dugun eta horretaz harro gauden, gauza guztien gainetik kontuan hartu behar dugu klubean hartzen diren erabaki guztiak kirol arlora begira egon behar direla. Gauzak horrela, uste dut ez duela lekurik beste jokalari batzuek aurrea hartu baitiote, adibidez: Ibaik, Cordobak eta bigarren taldetik datozenek. Hortaz, zentzu handiko erabakia dela uste dut.
Beste alde batetik, jokalariari eman dioten tratua ez da egokiena. Ikusi besterik ez dago zenbait jokalariren agurra azken urteotan, esaterako, Iraizoz, Iraola, Gurpegui edo Etxeberria. Ez al gara talde bat baino gehiago? Bada, erakuts dezagun ekintzekin!
Pd: Susaeta gora eta behera, Iturraspe eta Rico alde batera utzi ditugu. Ez ahaztu azken horiekin, euskarri moduan, Txapeldunen Ligara heldu ginela! Ez da, ez, lan makala!
Seguruenik, Jonek esan duen bezala, taldea berritu eta gaztetzeko garaia iritsi da. Baina, nire ustez, hau ezin da «gure estiloa» izan, txikitatik taldean ibili den
jokalaria baita.
Egia esan, oso albiste bitxia izan da, zeren azkeneko astean gertatu omen baita dena; hau da, kontratua berritzeari dagokionez, Urrutiak (nahiz eta baietz esan) ez omen zuen inolako harremanik izan jokalariarekin. Geroago, Athleticen 500 partida jokatzeagatik egin zioten omenaldia Susaetari; erdipurdikoa, baina. Ez al zuen gehiago merezi? Zertarako? Ez ote zuten hura erabili agur esateko moduan?
Azken astera arte, ordea, ez dugu jakin Rafa Alkortak jarraitzeko eskaintza egin dionik ere —kontratua bukatzeko bi hilabete eskas falta direla, alegia—. Beranduegi ez ote? Nire ustez, bai; kontuan hartu behar dugu beste jokalari batzuei aspalditik “lotu” dietela, estu, gainera (Muniain kasu).
Horren guztiaren aurrean eta “giro onena” ez zelakoan, parte biek kontratua bertan behera uztea erabaki dutela esan du Susaetak (eskaintza begiratu barik ere), bientzat hoberena izango zelakoan. Elegante portatu da, gero! Hona prentsaurrekoan esan dituen beste batzuk (ikus bideoa):
Ohore handia izan dela berarentzat Athleticen jokatzea, eta, Clubman izan nahian ere, nahiago duela futbolean segitu, beste talde batean izanik ere.
Beste jokalari batzuk baino hobea edo txarragoa izango da, baina hortxe dago berak jarritako marka (partida gehien duen bosgarrena da). Agian, De Marcosek dioen legez, gutxietsia.
https://youtu.be/Ly4UVx0yQw8
Neu ere banago Susaetaren agurra estilo gutxiko kontua izan dela. Harritzekoa da jokalariarenganako enpatia eza; are gehiago kontuan izanda gabezia hori izan zela Elizegik Urrutiaren aurka erabili zuen bala nagusia. Elizegiren hasierako nonahikotasuna eta bazkideen belarriak ferekatzeko nahia baretu omen dira denbora gutxian.
Hala ere, ezin dugu geure burua engainatu. Presidente eta predidentegai guztiek «gure estiloaren» mantra erabiltzen dute euren proposamenak edo kudeaketa-lana zuritzeko, horretarako baino ez. Agian, arazoa izan daiteke hasierako «gure estilo» hori «nire estilo» bihurtzen dela. Jokalarien joan-etorrietan presidente askoren antxoa itzelak gogoan ditut: Uriarte eta Adurizen salmentak edo Aitor Agirre, Loren, Zubiaurre eta abarren fitxaketak horren adibide dira.
Susaetarenean ere zaharrak berri.