:: Mikel Etxebarria.
Askotan entzun dugu Athletic-ek duen altxorrik handiena zaleak direla, eta egia biribila dela uste dut. “Herritik sortu zinelako maite zaitu herriak” dio ereserkiak eta esaldi horrek ederto azaltzen ditu taldearekiko hurbiltasuna eta maitasuna. Sentimendu horiek Bizkaiko edo Euskal Herriko etxe askotan txikitatik jasotzen direnez, normaltzat jotzen dugu bihotz zurigorria izatea. Lekutan jaiotzea eta Athletic zalea izatea, berriz, meritu handiko kontua da.
Angel da, zalantzarik gabe, inoiz ezagutu dudan Athletic zale porrokatuena. 1983ko udan, Clementeren lehenengo ligaren osteko animo- gorakada pil-pilean zegoen unean ezagutu nuen lagun batzuen etxean. Bilbokoak ginela jakitea nahikoa izan zen bere etxera eramateko. Vinaroseko etxe horretan kontatutakoak eta ikusitakoak izugarriak izan ziren; oraingo honetan, ordea, batzuk baino ez ditut aipatuko gehiegi ez luzatzearren.
Angel ezkondu zenean, eztei-bidaian aspaldiko ametsa bete zuen; hau da, San Mames ezagutu zuen. Diruak gehiagorako ematen ez zuenez, asteburuko bidaia antolatu zuen partida bat ikusi ahal izateko. Zoritxarrez, sarrera bakarra aurkitu zuen eta emazteak kanpoan geratu behar izan zuen partida amaitu arte. Modu ederra eztei-bidaia pasatzeko, alajaina!
Urte batzuk geroago, Angelek semea izan zuen. Pontean, aitaren izen bera “egokitu” arren, jende gutxik ezagutzen zuen datu hori, aitak “Dani” ezizenez birbataiatu zuen eta.
Angel “Dani”k, ume koxkorra zelarik, maskota eskatu zien gurasoei eta haiek umearen nahia bete zuten. Horrela, bada, txakur txiki eta beldurtia erosi zioten umeari, txakur-ostikada horietako bat. Garai hartan telebistan ematen zuten telesaio baten protagonistaren izena ezarri zioten animaliari: Boomer. Hala ere, aitaren ustez, etxeko txakurrak ezin zuen horrelako izenik izan eta goitizen egokiagoa jarri zion; hortik aurrera Boomer “Goiko” izan zen.
Athletic-ekiko maitasunak gehiago eskatzen omen zion gure lagunari, eta maitasun “erakustaldiak” egiten jarraitu zuen. Behin, auzokideei baimena eskatu zien eskaileretan azulejo bat ipini ahal izateko. Bizilagunek arazo handirik ikusi ez zutenez, baimena eman zioten eta Angel lanean hasi zen. Angelek ez zuen gezurrik esan, azulejoa, azulejo bat baino ez, ipini zuelako, baina horma osoa betetzen zuena. Bertan, hauxe zegoen idatzita hizki erraldoietan: ”Aquí vive un hincha del Athletic de Bilbao”
Bitxikeria gehiago kontatu ahalko nituzke, baina nekatu nahi ez zaituztedanez, azkenengo bat baino ez dizuet aipatuko.
Arrantzale gehienak bezalaxe, gizon zaildua eta bizizalea da Castellokoa. Hala ere, betidanik izan du kezka berezi bat: zeruan ere koloreak erakutsi behar dira, nonbait; horregatik, hiltzen denean, Athleticen kamiseta jantzita eta bandera eskuan lurperatu behar dute. Horrelaxe utzi zuen idatzita aspaldi eta emazteari maiz errepikatu izan dio. Orain dela urte batzuk, aberia larria izan zuen buruan, eta luzaroan egon zen koman. Bere onera etorri zenean, egin zuen lehenengo gauza izan zen kamiseta eta bandera prest zeuden galdetzea. Zorionez, emazteak oraindik ez du Angelen nahia bete.
Horrelakorik ezagutu baduzue, kontatu!

![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



