hamaikaetabat

juan mateo zabala euskaltegiaren peña

mikel 2013 / 05 / 8

:: Maite Gónzalez Bilbao.

Orain dela aste batzuk  Fernando Garcia Macuak izendatutako azken jokalari “estrategikoaren” etorkizuna argitu egin zen. Fernando Amorebietak Fulham-en, Premier League-ko taldean, jokatuko du datorren denboraldian.  Urte berean Athletic uztea erabaki duen hirugarren jokalaria da, eta nik oraindik ez dakit zeintzuk izan diren benetako arrazoiak. Argi daukadan gauza bakarra da Javi Martinez-ek azkar eta  kontua gehiegi nahastu barik alde egin zuela; gainera, Europako talde handi batera joan zen diru gehiago irabazita. Maitasun handiz hartu eta tratatu duten zaleei agur ez egitea  aurpegiratuko niokeen gauza bakarra da.

Javiren ihesaldia

Baina Amorebietaren kasua desberdina da. Athletic-en bizitza erdia baino gehigo egin duen mutilak, 1996-1997 denboraldian hasi zen klubean, taldea uzteko izan duen arinkeriak harrituta uzten nau. Benetan ulertezina da. Ligan jokatutako azken partida urtarrilaren hamaikan izan zen, Rayo Vallecano-ren aurka, eta badirudi hori izango dela elastiko zurigorriarekin jokatuko duen  azken partida ofiziala. Pena handia horrelako amaiera ematea 17 urteko bizitza zurigorriari.

2008. urtean hasi zen dena. Orduko zuzendaritza batzordeak, Fernando Garcia Macua buru zela, hiru jokalari estrategikotzat jo zituen: Fernando Amorebieta, Javi Martínez eta Fernando Llorente. Dagoeneko bat ez da Athletic-eko jokalaria, eta beste biek ekainaren 30ean bukatuko dute klubarekiko lotura. Hiru jokalari hauek “estrategikoak” ziren, baina Aduriz “garrantzitsua” besterik ez zenez, Mallorcari saldu zioten. Bizitzak buelta asko ematen ditu, eta aurten taldeari bizitza eman diotenetariko bat Aritz Aduriz izan da.

athletic_2-640x640x80[1]

Nire ustez, lau urte igarota, jokalarien artean egindako desberdinatasuna akats larria izan zen. Guztiok dakigu hiru jokalari hauek taldean zuten garrantziaz, Athletic-eko bizkarrezurra ziren, baina ez dut uste estrategiko izendatzea egokiena izan zenik.  Jokalari batzuk beste batzuen gainetik daudela transmititzeak ez dio inori onik egiten, eta horixe ikusi dugu.

Ez dira konturatu Athletic desberdina dela, hemen ez dugu «taloitegika» funtzionatzen. Argi samar dago Athletic-en geratu nahi duena, geratu egiten dela. Kasu batzuk gogora ditzakegu denboran oso urrun joan gabe . Julen Guerrero, Joseba Etxeberria edo Andoni Iraola beste talde batzuen eskaintzak izan arren Athletic-en geratu ziren.

Ez dugu inoiz jakingo jokalari batzuk “estrategikotzat” edo “ezinbestekotzat” jo izanak gaur egun daukagun egoera eragin duen ala ez. Baina nire ustez, Athletic-en koloreak defendatzen dituzten jokalari guztiak garrantzitsuak dira. Eta, nik neuk, bularrean gure armarria eramateaz harro dauden futbolariak nahi ditut. Jokalariak pasatu egingo dira eta geratzen dena kluba da, denon artean zaindu egin behar duguna.

Ez dago zalantzarik, Athletic jokalarien gainetik dago!


Shares