::Jon Orcasitas Aguirre. Peñakidea
Bidaia, koadrilako lau lagunok egin genuen: Gabrik, Gabrik —Bilbon ikasten dagoen Vigoko batek—Juanek eta laurok. Joateko gogo handia genuen, eta partida ostiralean izateak ez zigun ideia zapuztu.
Beterik zegoen autobusa, ostegunean, gaueko 23:55ean atera zen. Vigora 10:00etan edo iritsi ginen, 3 geldialdi egin eta gero. Iritsi bezain laster, hiria zeharkatzen duen autobusa hartu genuen, eta gure Vigoko lagunaren etxera joan ginen. Bertako taberna batean gosalduta, hiruzpalau ordu lo egin genituen. Behin dutxatuta, Vigoko «Casco Vello»tik (Alde Zaharra) buelta egin genuen. 3 tabernatan garagardoak, «Estrella Galicia» noski, edan genituen. Edariekin batera, kakahueteak, olibak, tortillak…oparitu zizkiguten. Alde Zaharrean, autobuseko bi mutilekin egon ginen.
Laurak aldera, seiok autobusa hartu eta Balaidosera joan ginen. Zelaiaren ondoan dagoen taberna batean egon ginen. Bertan, bai Celtako, bai Athletikeko zaleak elkartu ginen. Arratsaldean zale gehiago iritsi ziren, Bilbotik goizean atera zirenak. Guztira, Vigon 400 bat izan ginen. Edan, abestu eta asko hitz egin eta gero, Celtako zaleek euren lehen taldeari -bengalak erabilita- egindako harrerara hurbildu ginen. Izugarrizko giroa zegoen.
Hori bukatuta, zelai ondoko tabernara bueltatu ginen partida iritsi arte. Hamar minuturen faltan Balaidosen sartu ginen. Vigokoak ezagutzen zituen Celtako zaleekin egon ginen. Haien artean oso gustura egon ginen. Horren adibide, De Marcosek gola lortu eta gero, Gabrik, Juanek eta hirurok ospatu ahal izana, Celtakoek ezer ezan gabe. Partidaren garrantzia aintzat hartuta, harmailak beterik zeuden.
Athletikek erakutsi zuen azkenengo partidetan ikusi duguna. Hau da, baloiaren jabetza izan zuen eta, ondorioz, aukera asko. Hala ere, soilik, batean asmatu genuen. Esan behar da, dena dela, ondo landutako jokaldia izan zela. Lehenengo zatia 0-1ekoarekin amaitu zen. Aldageletatik bueltan, gauzak ez ziren aldatu eta geurea egiten jarraitu genuen. Ondorioz, bi aukera garbi huts egin genituen. Bata Adurizena, eta bestea Ibairena. Partida kontrolpean izan ahal genuela zirudien arren, Celtak berdinketa eskuratu zuen. Jokaldi azkar batean, haien jokalaririk onenak gola sartu zuen. Azkenean bana eta bi taldeek borrokan jarraitu beharko dute —Celtak Athletikek baino gehiago—, Lehenengo Mailan gelditu nahi badute. Harmailetan, Vigokoak pozik zeuden eskuratutako puntuarekin. Athletikzaleok, berriz, nahiz eta gehiago merezi, ontzat eman genuen emaitza.
Partida bukatu eta gero, tabernara itzuli ginen. Izan ere, oraindik festa geratzen zen. Hau gaueko hirurak arte luzatu zen; behintzat gure artean. Ondoren, Alde Zaharretik berriro pasatu eta gero, etxera bueltatu ginen. Nekatuta geunden eta eguna luzea izan zen. Ostiral ederra igaro genuen.
Larunbatean, berandu esnatu ginen. Hain zuzen ere, goizeko 11:30ean. Gosaldu eta dutxa hartu eta gero, kotxea hartu genuen eta Vigokoak Cangaseko «furancho» batera eraman gintuen. Bertan, txoko txiki batean, Galiziako platerik famatuenak dastatu genituen: olagarroa, enpanada, txorizoa, txerri-belarria, ardo zuria. Bapo jan ostean, ondoan zegoen hondartza batera joan ginen. Eguzkitan egoteko egun ezin hobea egiten zuen. Bainu azkarra egin eta gero, Atlantikoa hots-hots baitzegoen, berriz Vigora itzuli ginen. Maletak prestatu, eta ostiralean izan ginen taberna batera joan ginen. Garagardo batzuk edanda, Vigoko lagunaren aitak autobusera hurbildu gintuen. Irteera gaueko 22:00etan izan zen.
Oso ondo pasatu genuen, lagunak egin genituen, eguraldia lagun izan genuen… Beraz, datorren urtean bueltatzeko aukera badaukagu bertan egongo gara, dudarik gabe.

![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)




Oso kronika ederra benetan! Izugarrizko inbidia eman diguzue. Eskerrik asko Jon, segi horrela