hamaikaetabat

juan mateo zabala euskaltegiaren peña

mikel 2013 / 05 / 13

:: Mikel Etxebarria.

George Best, Garrincha, Urtain … asko dira  ospea eta luxua ezagutu ondoren, pobrezian edota guztiz ahaztuta hil diren kirolariak. Zerrenda luze horretan futbolaren izar ugari daude eta  Socrates brasildarra dugu “jostailu apurtuen” azken adibide. Izan ere, 2011ko abenduan  80ko hamarkadan mundua liluratu zuen erdilaria  alkoholak eragindako zirrosiak jota zendu zen.

Gure taldean ere adibide batzuk izan ditugu, baina aipagarriena Guilermo Gorostiza “ Bala Roja” santurtziarrarena.

Gorostiza 1909an jaio zen. Umetatik, oso zorrotza eta eskuindarra zen aitarekin arazoak izan zituenez, gurasoek Burgoseko barnetegi batera bidali zuten. Dena den, ikastea ez zuen gogoko eta horregatik, inori esan gabe, ikasketak utzi zituen eta Sestaoko La Naval ontzioletan lanean hasi zen.

Getxoko Arenas Club taldearekin sinatu zuen lehen kontratua futbolari gisa. Areetako taldeak hegaleko ezkerra fitxatzeko zilarrezko 30 ogerleko ordaindu zituen, baina Gorostizak gehiago nahi omen zuen eta hamar partida jokatu ostean, baldintza ekonomikoak hobetzeko  eskatu zien taldeko agintariei. Soldata igotzerik lortu ez zuenez, entrenatzeari utzi zion eta Argentinara ihes egin zuen.

Soldadutza egitera itzuli zen Argentinatik. Ferrolen zegoela, militarrak futbolerako dohain apartak zeuzkala konturatu zirenez, Ferrolgo Racing taldearekin jokatzeko aukera eman zioten santurtziarrari. Talde horretan denboraldi bikaina egin zuen eta horrek Athletic-erako bidean jarri zuen.

Athletic-ek fitxatu ahal izateko 20.000 pezeta ordaindu behar izan zion Arenas-i, artean jokalariaren gaineko lege-eskubideak zituen eta. Arazo guztiak konponduta, 1929/30 denboraldian hasi zen jokatzen Bilboko taldearekin.

 

gorostiza

gorostiza

Handik aurrera, loria eta ospea. Lafuente, Iraragorri, Bata, Chirri eta Unamunorekin batera, Athletic-en lehen aurrealde historikoa osatu zuen. Gorostizak zazpi urtean lau liga eta lau kopa irabazi zituen; gainera, bi urtetan ligako golegilerik onena izan zen. Urte horietan, hain zuzen, “Rienzi” kirol-kazetariak “Bala Roja” ezizena ezarri zion.

1936an gerra hasi zen eta lehiaketa guztiak bertan behera geratu ziren, baina Eusko Jaurlaritzak Euzkadiko selekzioa sortu zuenez, jokalaririk onenek jokatzen jarraitzeko aukera izan zuten. Taldearen helburua bikoitza zen: erbesteratuentzako dirua biltzea eta Jaurlaritzaren izen ona zabaltzea munduan zehar. Gorostizak selekzioaren lehenengo partidak jokatu zituen, baina Bilbo frankisten esku geratu zenean, taldea utzi zuen eta carlisten batailoi batean sartu zen boluntario[i].

Gerra amaituta, frankismoaren ikur bihurtu zen “Bala Roja”. Publizitate-kanpainak, filmak, musikalak … Futbolaz kanpoko diru-iturri berriak lortzen lehenetarikoa izan zen Gorostiza. Gorenean zegoenean, 1940an, Valentzia Futbol Club-ek fitxatu zuen eta hantxe jokatu zuen 37 urte bete arte.

 

"Campeones", Gororostizaren pelikula

«Campeones», Gororostizaren pelikula

 

Valentzian igarotako azken urteak gainbeheraren hasierakoak izan ziren. Izan ere, egunak ematen zituen entrenamenduetara joan barik, eta behin baino gehiagotan mozkortuta heldu zen partidetara.

Hurrengo urteetan, bigarren eta hirugarren talde askotan ibili zen, baina zuen izaera bereziarengatik ez zuen inon luzaroan iraun. Jokatu zuen azken taldea Trubiako Real Juvencia izan zen, Asturiasen.

Azken urteak ospeak eta familiak abandonaturik igaro zituen. Alkohola lagun bakarra zuelarik, Santurtziko zahar-etxean  bizi izan zen 1966an hil arte[ii].

Mundu honetan utzi zuen gauza bakarra zilarrezko zigarro-kaxa bat izan zen. Bertan, honako hau zegoen grabaturik: “Al mejor extremo izquierdo del mundo de todos los tiempos”. Luis Casanovaren, Valentziako presidentearen, oparia izan omen zen.

Gorostiza Bala Roja” edo agian, beti ihesean ibili zen “Bala Galdua”.



[i] Gorostizaren anaietako bat falangista sutsua izan zen eta Jose Antonio Primo de Riverarekin hil zuten gerra hasieran.

[ii] Hii baino hilabete batzuk lehenago, Summers-en “Juguetes rotos” izeneko pelikulan agertu zen.


Shares