hamaikaetabat

juan mateo zabala euskaltegiaren peña

mikel 2013 / 05 / 15

::Mikel Etxebarria.

Urtero egin ohi zuen bezala, Athletic-ek nazioarteko partida batzuk antolatu zituen 1920ko Gabonetan. Urte hartan aukeratutako taldea Pragako Sparta izan zen. Txekiarrek jokatutako hiru partidetan bitxikeria ugari gertatu ziren, baina agian aipagarriena Pitxitxik jaso zuen txistualdia izan zen. Badirudi jasotako protestek pisu handia izan zutela futbolari agur esateko erabakian.

Spartakoak, hemen zer janik izango ez zutelakoan, maletak ogiz beteta heldu ziren Bilbora[i]. Hala ere, heldu zirenean, bertako “oparotasuna” ikusita, ogia gogortzen utzi zuten eta jateari eta edateari eman zioten. Horrela, bada, ederki berdinduta heldu ziren lehenengo partidara.

Partida hartan, hamar jokalarirekin amaitu arren, Spartak 1 eta 3 irabazi zuen. Hamaikakoa osatzeko falta zena bitxikeria baten protagonista izan zen. Partidan zehar arbitroak txekiar bat kanporatu zuen. Athletic-eko jokalariek neurriaren zorroztasuna ikusi zutenean Spartakoekin bat egin zuten protestetan. Guztien harridurarako arbitroak atzera egin zuen eta egotzitako jokalaria barkatu zuen, baina honek ez zuen erabakia onartu eta aldageletarako bidea hartu zuen ikusleen txaloen artean. Emaitza ikusita, badirudi hemengo jaki gozoek irabazteko besteko indarra eman zietela kanpotarrei.

Spartaren bira hartako azken partida izan zen ziur asko Pitxitxik inoiz jokatu zuen norgehiagoka tristeena. Horretaz gutxi hitz egin den arren, Pitxitxik eztabaida sutsuak piztu zituen orduko zaleen artean. Golak sartzeko trebetasuna ez zuen inork zalantzan jartzen, baina kemenik eza eta sasoi eskasa jarraitzaileen ahotan zeuden eta askok zelaitik kanpoko beste zeregin batzuetan gogo gehiago ipintzea leporatzen zioten. Txekiarren kontrako partida horretan ikusleek Pitxitxiarekiko aldentze nabaria erakutsi zuten.

Spartan Janda izeneko jokalaria ikusgarria zegoen. Itxura beldurgarria, Polifemo futbolari bilakaturik: erraldoia, guztiz burusoila, begibakarra, piratena bezalako adabakia … Jandak erakutsi zuen kemenak berehala liluratu zituen ikusleak. Arratsalde horretan, beste askotan bezala, kanpokoari agurra eta etxekoari egurra; hau da, Pitxitxirentzat  zaleen  irain eta txistuak; Jardarentzat, berriz, laudorio eta txaloak.

Dirudienez, partida horren ondorioek biziki markatu zuten aurrelari bilbotarra. Izan ere,1920ko udan, 28 urte zituela, hainbeste miretsi izan zuten jarraitzaileen begirunea galduta, agur esan zien futbolari eta Athletic-i Rafael Moreno “Pitxitxi”k

 

Pragako Sparta 20ko hamarkadan

Pragako Sparta 20ko hamarkadan


[i] Lehen Mundu-Gerrak krisi handia eragin zuen Europako herri askotan.

2 Erantzun orain arte.

  1. Oier etxebarria dice:

    Zoritxarrez galdu genuen, baina oso partida polita izan zen

  2. hamaikaetabat dice:

    Zergatik irten dira atzeko atetik izarrik handienak? Pitxitxi, Sarabia, Guerrero, LLorente…


Shares