::Mikel Etxebarria.
Jokalariek golak sartzea dute berezko, baina futbolaren eta futbolarien oihartzuna futbola eta kirola baino urrunago heltzen da. Jokalariak, onerako zein txarrerako, adibide eta ispilu bihurtzen dira jarraitzaileentzat, baina batzuetan aldrebes gertatzen da eta jokalariak izan dira, askotan euren ibilbide profesionala kolokan jarrita, herri edo gizarte baten bozgorailu. Horrelakoetan, jokalari horien jokaera duinak milaka gol baino garrantzi handiagoa izan du. Datozen lerroetan zenbait kasu gogoratuko ditugu.
Carlos Caszely, Txileko hirugarren goleatzailerik handiena, Pinochet-en diktaduraren kontrako ikur bilakatu zen. Horren ondorioz, jokalariaren ama atxilotu eta torturatu ondoren, militarrek “desagerrarazi” zuten. Diktadoreek egin ohi duten moduan, Pinochet futbolaz eta selekzioaz baliatzen saiatu zen eta behin baino gehiagotan gonbidatu zituen jokalariak bere jauregira. Halakoetan, Caszely-k beti uko egin zion agurra diktadoreari eta horren ondorioz, selekziotik baztertu aurretik[i], kritika mingarriak jaso behar izan zituen erregimenaren aldeko prentsatik. 1988an, Pinochet-en jarraipena ziurtatzeko antolatu zen plebiszituaren aurreko kanpainan parte hartu zuen ezezko botoa eskatuz.
Neil Lennon Ipar-Irlandako selekzioaren kapitaina izan zen, baina lealistek[ii] ez zioten inoiz barkatu katolikoa izatea eta Celtic-en jokatzea[iii]. Irlanda bakarraren aldeko adierazpenak egin zituenetik, Lennon-ek heriotza-mehatxuak jaso zituen paramilitarren aldetik; horren ondorioz, ezin izan du Ipar- Irlandako futbol-zelairik berriro zapaldu. 2008an Rangers-en jarraitzaile batzuek kalean egurtu zuten eta konorte barik abandonatu zuten hilda zegoelakoan.
Robbie Fowler-rek, Liverpool-eko aurrelariak, badu marka bitxia; partida batean hiru gol sartu zituen hiru minutuan. Hala ere, Fowlr-ri mundu mailan ospea eman diona bere izaera izan da. Behin, Arsenal-en aurkako partida batean area barruan jausi zen eta arbitroak penaltia adierazi zuen. Fowler berehala altxatu zen eta penaltia ez adierazteko behin eta berriro erregutu zion epaileari, baina honek ez zion kasurik egin. Fowler-rek berak jaurti zuen penaltia eta huts egin zuen. 2001ean, Liverpool-eko portuan kaleratu zituzten 500 langileen aldeko protestetan parte hartu zuen. Nazioarteko partida batean langile horien aldarrikapenak idatzita zituen kamiseta erakusteagatik isun handia ezarri zion UEFA-k.
Gure artean ere horrelako portaeren testigantzak egon dira. Guda garaian Euzkadi taldeak Europatik eta Amerikatik egin zuen bira mitiko horrek edo Iribar-rek eta Kortabarriak artean debekaturik zegoen ikurrina atera zuteneko arratsalde hark euskaldunon gogoan luzaroan iraungo dute.
Golak ez, orain arte aipatutakoak bezalakoak dira zaleen bihotzak irabazten dituztenak. Nekez ikusiko ditugu Messi edo Cristiano Ronaldo horrelakoak egiten.
[i] Txileko hautatzaileak Caszely hautatzeko debekua jaso zuen.
[ii] Britainiar Handiaren aldeko Ipar – Irlandako biztanle protestanteak.
[iii] Ipar- Irlandan talde nabarmenik ez dagoenez, biztanle gehienak talde eskoziarren aldekoak izaten dira . Katolikoak Glasgow-eko Celtic-en zaleak dira; prostestanteak, berriz, Glasgow Rangers-enak.




![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)




Niretzat politena izan da Robbie-k egin zuena, hori da Fair play eta ez Cristianok eta Messik egiten dutena
Gurpegik badu hego amerikako umeei laguntzeko gobernuz kanpoko erakundea.
Kanouteri ere isina jarri zioten