:: Mikel Etxebarria.
Jarraian kontatuko dudana gaztetako bekatua da. Hainbeste urte pasatu direnez, ez dut uste zigorrik jasoko dudanik, are gehiago kontuan hartzen badugu bekatariak hamaika izan ginela eta gure aurkako froga guztiak aspaldi desagertu zirela.
1988ko azaroan Athletic-ek Turingo Juventus-en aurka jokatu zuen UEFAko kanporaketa batean. Joaneko partidan Kendall-en mutilak negargarri ibili ziren eta bost eta bat galdu zuten. Honen ondorioz, Juventus izarrez beteriko taldea izan arren, bueltako partidarako ez zegoen giro handirik. Agian horregatik, giroa hobetze aldera edo, publizista batek ”ideia zoragarria” izan zuen: maionesa marka berri baten publizitatea egitea zaleen artean. San Mames-eko lau izkinetan kamioi bana jarri zuten maionesa potoak banatzeko; lau kamioi eta lau neska lirain eta minigonadun banaketa lana egiteko. Kamioen aurrean antolatu zen marabuntak agerian utzi zuen bilbotarron izaera: neskei inolako kasu egin barik, zaleek kamioiak bipildu zituzten horda gosetiak balira bezala. Horrela, bada, ketchup potoen itxura zuen maionesa lagun, sartu ginen zelaira.
Lehenengo zatian Laudrup-ek sarturiko gol batek, gauzak gehiago zailtzeaz gain, ikusleen animoak lasaitu eta baketu zituen. Hala ere, une horretan, denok triste eta kemenik gabe geundenean, Tacconi –k bere emanaldiari hasiera eman zion eta horri esker denok esnatu ginen.
Tacconi Juve-ren atezaina zen, baina itxura ikusita, gehiago ematen zuen diskoteka bateko atezaina futbol talde batekoa baino: ilea gominaz beteta, kamiseta estu-estua, urrezko kate lodia … Kanporaketa oso alde izan arren, etengabeko protestek, denbora galerek eta gehiegizko imintzioek ikusleen dianan jarri zuten atezaina, euren maionesa- potoen dianan hobeto esanda. Koipetsu itxura zuen atezainari koipe gehiago ematea erabaki zuten/genuen. Gainera, bigarren zatiaren hasieran, Athletic festari lotu zitzaion eta hiru gol sartu zituen hamar minutuan. Bolandera barik, maionesa gehiago Bilboko zerura. Maionesa zale zurigorrien mana.
Ez nuen maionesa hura dastatu; beraz, ezin dut esan gozoa zen ala ez, baina poto horien eraginkortasuna eta irismena ukaezinak ziren. Zelako indarra zorrotada horiena! Azkenean, zoritxarrez, Juve-k kanporatu gintuen, baina zein ondo pasatu genuen! Gila zenak horrelakoan honako hau esango zuen: Habremos perdido, pero lo que nos hemos reido…



![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



