::Jon Orcasitas.
Ostiralean, Celtako lagun batzuekin Lezamara hurbildu nintzen. Helburua, Athletiken entrenamendua ikusi ez ezik, jokalariei sari bat ematea ere bazen. Hain zuzen ere, 20 kilo muskuilu. Hobeto uler dezazuen, hona hemen aurrekariak.
Celtako peña batek —Arosa irlako Carcamans— Españoleko eta Athletikeko jokalariei 100 kilo muskuilu emango ziela promes egin zien, baldin eta euren partidak irabazten bazituzten: Deportivoren eta Zaragozaren aurkakoak, hurrenez hurren. Hala, Celta kutunari lagunduko zioten. Katalanek ezin izan zuten Depor garaitu; horren ondorioz, sari barik geratu ziren. Athletikek, ordea, denok dakizuenez, Zaragozan irabazi zuen azken minutuan; beraz, Galiziarrek agindu zieten “apustua” irabazi zuten.
Azkenengo urteetan, “partiden eroskeria” edo “hirugarrenari primak” guztien ahotan egon dira. Nahiz eta legeztatuta ez egon eta ikusten ez diren, egon badaude. Aurtengo Liga Txapelketako Levante-Deportivo eta Deportivo-Español partidak susmagarriak bihurtu dira. Adibidez, lehenengo partida horren atzean Txinako mafia bat egon dela diote. Horren aurka “borrokatzeko”, Carcamanseko peñakideei muskuiluen ideia bururatu zitzaien; gainera, Galiziako jaki tipiko bat sustatuko zuten.
Nire lagunari —Gabriel— ostegunean heldu zitzaizkion muskuiluak. Gabriel Areetan dagoen Celtako peña baten kidea da. Lagunartearen izena “Zeru Urdin” da. Peñakideen laguntzarekin, Carcamansekoek hitza bete zuten, eta muskuiluak oparitu zizkieten Athletikeko jokalariei.
Gorago esan dudan moduan, entrenamendua ikusteko aukera ere izan genuen. Hori bukatutakoan, jokalariekin argazkiak egin genituen. Azkenik, gure “lehoiek” eskerrak eman zizkieten sariengatik eta lehenbailehen jango zituztela esan zieten.
Hona hemen, “Marca” egunkarian agertu zen kronika” eta jokalariekiko argazkiak, lagunak eginak:





![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)




Zoragarria! Hau da bidea! Eutsi goiari!