Hamaika eta bat peña, Juan Mateo Zabala euskaltegiaren baitan sortu da, eskolatik kanpo antolatzen diren egitasmoak eta ekintzak bideratzeko eta ikasle, irakasle zein lagun guztiei euskaraz bizitzeko guneak eta aukerak emateko asmoarekin.
Peñaren helburua oso sinplea da; euskaraz bizi eta ikasitakoa erabiltzea, ondo pasatzea, gauza interesgarriak eta dibertigarriak eskaintzea, …
Zergatik peña bat? ikastetxearen balio eta printzipioen isla eta eskolaz haratago antolatzen diren ekintza eta egitasmoak bideratzeko modurik egokiena delako eta gure izaera eta jarduteko moduaren erakusgarria delako.
Guretzat euskara eskola eta euskaltegia baino askoz gehiago da; komunikazioa, aisia, kultura, kirola, transmisioa, … eta horiekin guztiekin batera, euskara guretzat zubia da; pertsonen, lagunen arteko zubia, kulturen eta komunitateen arteko zubia, belaunaldien arteko zubia, …
Gainera, euskaltegia bera ere eskola baino askoz gehiago dela konbentzituta, eskolatik kanpo elkartzeko gunea sortu nahi izan dugu; euskaraz bizitzeko aukera emango diguna: irteerak, bisitaldiak, txangoak, mintza gunea, aisialdia, …
Elkartea gauzatzeko peña (lagunartea) izaera aukeratu dugu. Peña bat edozein tokitan egin daiteke, birtuala zein fisikoa izan daiteke, hamaika lagun edo mila izan ditzake; elkartzeko, elkarrekin gauzak egiteko, ondo pasatzeko, urtean behin edota astero parte hartzeko gunea da.
Bestalde, balio eta helburu komunak dituzten lagunen biltokia da eta, edozein kasutan, aisialdiarekin eta ondo pasatzearekin lotuta dago. Euskaltegiko ikasleekin eta irakasleekin batera, lagunak, umeak, nagusiak, familiak, eta abar elkartzeko aukera.
Era berean, Athletic Cluben Lagunarteen Elkartean inskripzioa eskatu eta onartuak izan gara eta, baita, Athletic Cluben lagunarte ofizialtzat onartu gaitzaten eskatu ere.

![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



