::Maite Gonzalez eta Juan Carlos Murillo.
Neke-neke eginda eta belaunetaraino lupetzez beteta bukatu nuen atzo aurtengo Kosta-Trail martxa. Parte hatu dudan lehenengo urtea izan da, eta lerro hauek idazten nabilen bitartean ezinezkoa zait esatea datorren urtean errepikatuko dudan ala ez; oraintxe bertan ezagutzen ez nituen gorputzeko parteetan min daukat eta!!! Baina egia esanda esperientzia ikaragarria izan da. Arlo fisikoa alde batera utzita eta paisaia paregabeez disfrutatzeaz batera, guztiontzako kirola, dibertsioa, elkartasuna eta solidaritatea izan ziren atzo Kosta Trail ekitaldian euria bera bezalaxe, barra-barra.
Aurreko edizioetan bezala, mendi lasterketa eta martxa bi, mendi ibilaldia eta familia ibilaldia, izan dira aurten ere.
Mendi lasterketa Bizkaiko kostaldeko labarretako bideetatik igaro zen. Aurten ere lasterketaren hasiera Sopelanako Udaletxean izan zen baina, aurreko edizioetan ez bezala, korrikalariak ez ziren zuzenenan kostara zuzendu, Berango zeharkatzen duten pinudi eta eukalipto guneetatik pasa ziren lehenbizi. Hasiera gogorra, benetan gogorra, hamar kilometro horiek.
Korrikalariek irteeratik oso hurbil, Sopelan bertan, aurkitutako lehenengo maldak ibilbidean zehar igoko zituztenetako batzuk baino ez ziren izan. Behin Galeako labarrak pasata, parte hartzaileek Aizkorri eta Salvaje hondartzetara jaitsi behar zuten baina eguraldia ikusita Azkorriko zatia aldatzeko erabakia hartu zuten antolatzaileek. Sopelako hondartza igarota, kostalde guztia hartzen duten bide estuetatik, Barrikako herria zeharkatuz Plentziara heldu ziren eta, behin Plentzia atzean utzita, ibilbideko zati gogorrenarekin eta baita paraje ikaragarrienarekin ere aurkitu ziren, Ermumendi mendiaren gailurrarekin, hain zuzen.
Cabo Billanoko Faroaren ondoko zatiak, landarez eta lurrazpiko bunkerrez beteta dagoen zatiak, korrikalariei gogor lan egitea eskatu zien. Hortik, jaitsiera gogor bat hartu eta Plentziako metarantz abiatu ziren, hogeita hamar kilometroko ibilbidea korrika egin ondoren.
Mendi lasterketarekin batera, martxa bi izan ziren, familia martxa eta mendi martxa.
Ibilaldi familiarra, hamabi kilometroko zailtasun txikiko ibilbidea da, familia edo lagunen artean egiteko ezin hobea. Abiapuntua Sopelako Udaletxea ere izan zen eta kostaldeko bidea hartuz, Meñakoz eta Barrikako itsaslabarretara abiatu zen, kostako toki ederrenak zeharkatuz eta Gorlizko badiako bista liluragarria ikusiz Plentziako helmugara helduko arte.
Paisaiaz gozatzeaz gain, mendi lasterketako korrikalariak animatzeko aukera ere izan zuten.
Ibilaldi Familiarrarena baino ibilbide zorrotzago bat bilatzen zutenentzako, hogei kilometroko ibilbidea antolatu zuten, aurreko edizioetan bezala, zailtasun ertaina duena, trekking eta mendi zeharkaldiak gustuko dutenentzako aproposa.
Martxa hau ere Sopelako Udaletxetik abiatu zen, Martxa Familiarra baino zortzi kilometro gehiago izan zuelarik.
Bidea luzea izan zen eta une gogorrak pasa genituen, baina momentu oro zegoen norbait, ezaguna edo ez, laguntzeko prest. Ibilbidea oso polita da, Bizkaiko kostako bista ikusgarriak daude eta, nahiz eta aurten eguraldia oso ona ez izan, oso ibilaldi erakargarria izan da.
Eta, nire ustez inportanteena, osasuntsua izateaz gain, Kosta Trail ekimen solidarioa da. Beste urtebetez, izenemateekin jaso den dirua tokiko ongintzazko erakunde batera bideratuko da. Edizio honetan elkarte ongilea Eugenia Epalza Euskal Fundazioa izango da.
Eugenia Epalza Esklerosi Anitzkoitza Fundazioa sorospen eta ongintzazko entitatea da, Eusko Jaularitzan Justizia Departamentuan erregistratuta, eta Euskal Herrian Esklerosi Anitzkoitza dutenen bizi kalitatea hobetzeko lan egiten du.
Datorren urtean parte hartzeko arrazoi nahikoak!!!





![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



