::Nerea Telleria.
Athletic-en Peña Elkarteak afaria egiten du urtero denboraldiari agur esateko; bada, giro ona izango zelakoan, lehengo ostiralekora joatea erabaki nuen. Begoñan izango zen kontua eta bostehun bat lagun elkartuko ginen Holliday Inn hotelean.
Harantz hurbildu ahala, gero eta ozenago entzuten ziren txistuak eta oihuak. Athletic-zaleak ote, Bielsa eta Urrutiaren arteko afera zela-eta?
Bai, zera! Hoteleko langileak ziren, protesta egiten zuten kale gorrira bota dituztelako. Pankarta ostean zeuden lanerako eskubidea aldarrikatzen; izan ere, eman zidaten papertxo batean jartzen zuen 20 egun urteko ordainduta izan direla kaleratuak eta haien ordez, 600 euro hileko kobratuko duten beste langile batzuk hartu dituztela.
Langile berriak ikusteko aukera izan nuen jatetxe barruan egon nintzenean.
Gehienak, gaztetxoak. Normala. Oso gaztea izan behar da areto erraldoi hura ziztu bizian zeharkatzeko, atzera eta aurrera behin eta berriro, gelditu gabe, lanez gainezka, mahaiak patxadaz atenditu ezinik.
Egia esan, ez dakit zerbitzari bati zenbat mahaikide dagozkion egoera arrunt batean, baina han oso kamarero gutxi zeuden.
Amorrazioa sentitu nuen Bielsak ez zuela jarraituko jakin nuenean. Badakit amorrazio-motak alderaezinak direla; baina, ostiralean, entrenatzailearenak baino amorrazio handiagoa eman zidan langileen egoerak. Bai hoteletik kanpo zeudenenak bai barrukoenak.


![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



