hamaikaetabat

juan mateo zabala euskaltegiaren peña

mikel 2013 / 06 / 13

::Juan Carlos Murillo.

Joan den ostegunean, ekainaren 6an, “hamaikaetabat” elkartea aurkeztu genuen Bilboko Arte-lan Berreginen Museoan.

Lehenengo eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuet bertan izan zineten guztioi, ikasle, irakasle eta lagun guztioi.

 

peñaren aurkezpena

peñaren aurkezpena

Zergatik peña bat?

Ingurura begiratuta edozertarako txoko bat, elkarte bat edota peña bat egiten dugula konturatuko gara. Oso elkarte zaleak gara eta benetan gustuko dugu elkarrekin egotea, hitz egitea, eta, inkluso, eztabaidatzea, gaiak eta solaskideek eztabaidaren esfortzua eta ahalegina merezi badute, jakina.

Ikas gelatik kanpo elkartzeko, eskolaz haratago, gauzak egiteko eta harremanetan jarraitzeko aukera behar genuela argi zegoen; ikasleok askotan esan diguzue hori, eskolan ikasitakoa eta landutakoa erabiltzeko, lasai eta presiorik gabe, beste talde edota beste ikasturteetako ikaskideekin, auzoko lagunekin, familiakoekin … euskara erabiltzeko aukera behar genuela.

Orduan, zerbait ospatzen dugunean edota eskolatik kanpo euskaraz lasai hitz egiteko eta ondo pasatzeko antolatzen ditugun ekintzak aztertu eta peña baten itxura handia genuela konturatu ginen.

Guretzat peña bat topagunea da, elkartzeko gunea da, beste edozer baino lehen; afizio eta interes komunak dituzten kide eta lagunen topagunea, era askotako ekimenak eta ekintzak egiteko aukera ematen duena.

Zergatik “hamaikaetabat”?

Hamaika piloa adierazteko hitza da euskaraz eta guk kide piloa izan nahi dugu, hamaika eta bat, hamaika baino gehiago, pilo bat baino gehiago; euskaltegi bat baino gehiago, alegia.

Itziar Atienza aurkezle lanetan

Itziar Atienza aurkezle lanetan

Hamaikakoa, bestalde, futbol taldea ere bada, taldea; eta hamaika eta bat, hamaika gehi bat, hamabi dira; hamabigarren jokalaria, afizioa, jokalaririk inportanteena, Bilbon behintzat; eta hor ez dago dudarik, ikasleak eta lagunak, zarete euskaltegiko hamabigarren jokalaria.

Horrexegatik, ikasleontzako, lagunontzako, gunea sortu dugu, lasai gauden eta dibertitzen garen bitartean, euskaraz hitz egiteko, euskara entzuteko eta euskara gure neurrira deskubritzeko gunea eta aukera; eskola eta inguru serioetatik kanpo, azterketa eta tituluen ardurarik gabe, nork bere mailan, euskara erabiltzeko gunea.

Eta zergatik Athletic?

Athletic ikurra da; Bilbo eta bilbotarron ikurra, bilbotarrok edonon jaioak garelarik, eta, batez ere, Athletic filosofia eta balio batzuen ikurra da: ilusioa, kemena, txikiaren handitasuna, taldearen indarra, kanteraren garrantzia, hiria eta probintziarekiko lotura eta maitasuna, …

Hala ere, “hamaikaetabat”en, kirolaz eta Athletic-ez gain, era askotako ekimenak izan eta izango dira: mendi irteerak, bisitaldiak, hiria hobeto ezagutzeko txango gidatuak, hitzaldiak, ardo dastaketak, leihaketak eta abar luzea; Athletic-en partidetara joateko bidaiak eta peñen elkarteak antolatzen dituen ekimenak ere barne, jakina!

 

gure gonbidatuetako batzuk

gure gonbidatuetako batzuk

“Hamaikaetabat” blog-a

Elkartearen bizitza jarraitzeko eta, neurri batean, ardazteko “hamaikaetabat” blog-a sortu dugu, www.hamaikaetabat.com, euskaltegiaren web orriaren bitartez ere sarbidea izango duena, www.juanmateozabala.com .

Blog-ean, elkarteari buruzko informazioa izango da, antolatzen ditugun ekintza eta egitasmoen berri, egindakoen kronikak, argazkiak, iruzkinak, … euskaltegiaren eskolaz kanpoko jardueren berri, bisitaldiak, irteerak, txangoak, … Athletic-en Lagunarteen Elkarteak antolatzen dituen bidaiak, ekintzak, topaketak eta abar

Eta horiekin batera gure kolaboratzaileen postak:

–       “bizitza bat zurigorrian”: Mikel Etxebarriak, irakasle eta historiagileak, Athletic-i buruzko istorioak, bitxikeriak, pasadizoak eta abar kontatuko ditu. Datu eta istorio guztiak dakizki Athletic-i buruz eta hona ekarriko dizkigu, apurka-apurka.

–       “harmailetatik”: Maite Gonzalez Bilbaok, kirol-kazetariak, San Mameseko jezarlekutik ikusitakoen eta bizi izandakoen berri emango digu, bere iritzia alde batera utzi gabe; eta, horietaz gain, saski-baloia, Bilbao Basket bereziki, pilota, txirrindularitza eta abar izango ditu mintzagai.

–       “dena ez da kirola izango”: den-dena ez da kirola izango. Peñan oso kirol zaleak ez garenok ere bagarenez, inguruan, Bilbon bereziki, gertatzen direnen berri ere izango dugu: musika, kultura, aisialdia, gastronomia, jaiak, erakusketak, … beti ere oso ikuspuntu subjetibotik kontatuta eta aztertuta.

–       “hamaikatarron txokoa”: peñakideok edota blogaren jarraitzaileok nahi duzuenaz nahi duzuena idazteko txokoa. Bidaiak, kontzetuak, jatetxeak, liburuak, filmak … aholkatzeko, komentatzeko, kritikatzeko … gunea.

Bukatzeko esan behar “hamaikaetabat” elkartea sortu dugula, eskola eta kalea, eskola eta bizitzaren arteko zubia egiteko eta, batez ere, zuoi guztioi, euskaraz egin eta euskaraz gozatzeko gunea eta aukera emateko.Elkartean antolatuko diren ekintza eta ekimenetan, blog-ean eta abarretan, parte hartzera animatu nahi zaituztet, baita zuen ideia, iritzi eta iruzkinekin. Den denak dira, den denok zarete ongi etorri.

Erantzun bat orain arte.

  1. Peñakidea dice:

    Oso ideia ona, euskara plazaratzea, euskaraz bizitzea . Ba al zatoz gurekin?


Shares