hamaikaetabat

juan mateo zabala euskaltegiaren peña

mikel 2013 / 06 / 14

::Mikel Etxebarria.

Historia luzea du San Mamesek. Urte luze horietan jokalariak eta teknikoak izan dira protagonista nagusiak, baina ezin ditugu ahaztu ziur asko gehien gozatu eta sufritu dutenak; zaleak, alegia. Zaleak ere ikuskizunaren parte dira eta batzuek aztarna ahaztezina utzi dute zelai zaharraren harmailetan. Gaur, “Rompecascos” eta Alejandro ekarriko ditut lerro hauetara, baina zuek gehiagoren berri baduzue, eman segida artikulu honi beldur barik.

Athletic-en jarraitzaileen artean, Gabriel Ortiz Lopezek ohorezko postua irabazita dauka merezimendu osoz. Izena irakurrita, gutxik jakingo dute nori buruz ari naizen, baina “Rompecascos” aipatzen badut, ziur nago 35 urtetik gorako zale gehienek gogoratuko  dutela.

Rompecascos” handikote izugarria izan zen, eta gorputz handiari ahots are handiagoa zegokion. Berak zioenez, “Athleeeeeeeeetic” oihuaren sortzailea izan zen. Kilometroko hiru “Athleeeeeeeeetic” eta harmailetatik “Eup” denek  erantzun. Capuchinosetik botatako oihuaren oihartzuna  zelaiaren txoko guztietara heltzen zen. Hala ere, “Rompecascos”- i ezizena eta ospea beste bide batetik heldu zitzaizkion. Izan ere, ardo botilak, hustu ostean, buruan apurtzeko ohitura zuen. Kolpe batez beira txapelaren gainean txikituta “¡pa´los pollos tracatra! esan ohi zuen harro-harro. (ikusi)

Badirudi lehenengo botila Norvegiako marinel batekin izandako borrokan apurtu ziotela. “Rompecascos-”i ez zitzaion ezer gertatu, baina norvegiarrak kordea galdu omen zuen jasotako ukabilkadaren ondorioz. Azkena, 1984an txikitu zuen, azken garaipenekin batera.

Rompecascos"en erakustaldia

«Rompecascos»en erakustaldia

Alejandro  Cabrera oso ezaguna izan zen Bilbon 70 eta 80ko hamarkadetan. Loteria eta arratsaldez argitaratzen zen Hierro egunkariaren saltzailea izan zen. Lepanto kafetegia zuen “lantoki”, eta bertan biltzen ziren kazetariengandik jasotzen zuen bere “irratsaio”-etarako informazioa. “Irratsaio” horiek izan ziren, hain zuzen ere, Alejandro ospetsu bihurtu zutenak Athletic-en jarraitzaileen artean. Igandero, partida hasi baino ordubete lehenago, izugarrizko irrati-kasetea aldean zeramala, tribuna printzipalaren aurrean paratzen zen Alejandro ikuskizunari hasteko prest. Gizon argal – argala, sudur handia eta gorrituta, lurrerainoko  bufanda, gorputza aurrera okerturik, Vista Alegre baino handiagoa zen txapela buruan …  Eta ondoan, irrati – kasetetzarra eta ehunka pertsona asteroko saio entzuteko zain. Saio horretan denetarik zegoen: Jose Maria Garciaren imitazioak, Alejandrok berak grabatutako “politika-iruzkinak” , aurreko partidaren kontakizuna[1]

Ez zait inoiz ahaztuko lekuko izan nintzen pasadizoa. Cabezas-ek zuzentzen zuen Madrilgo Atleticoaren aurkako partidan izan zen, norgehiagoka gogorra, egurrez eta azpijokoz betea. Halako batean, sarrera gogor baten ondorioz, hanka apurtu zioten  Urkiagari eta honek izugarri piztu zituen jarraitzaileak. Partida amaitu ostean, zalerik sutsuenak madrildarren zain elakartu ziren aldagelen aurrean. Tartean Alejandro zegoen. Jokalariak, Cabezas buru, irten zirenean biraoak eta bultzadak nagusi izan ziren. Zalaparta horretan bakea ezarri nahi izan zuen bakarra Alejandro izan zen. “Son unos cabrones, pero no nos podemos poner a su altura” errepikatzen zuen behin eta berriro.

Nacionalen laguntzaz, Atleticoren jokalari, teknikari eta agintariek autobusera heltzea lortu zuten. Autobusa astiro-astiro jarri zen martxan poliziaren furgonetek inguraturik. Aldagelatik ehun metrora edo zegoenean, Alejandroren “zoroaldi”a heldu zen. Eskuan zuen bandera altxatu, eta korrika hastearekin batera, “¡Sinvergüeeeenzas!” “ ¡A por ellooooos!” hasi zen oihuka.

Horretaz gogoratzen naizen bakoitzean, Kixote eta errotak etortzen zaizkit burura: Kixote txapeldun eta banderaduna errota gurpildunaren aurka. Zoritxarrez, edo zorionez, ez zen urrutira heldu. Tapakiaren muturrarekin estropezu egin zuen eta izugarrizko kolpea hartu zuen lurraren kontra.

Horretan ere erakutsi zuen bihotz zurigorria Alejandrok. Zorte txarrak makurrarazi zuen, baina ez beldurrak.

Alejandro.Galeria García Erguin.

Alejandro.Galería García Erguin

 


[1] Partidak irrati-kasetean grabatu ohi zituen hurrengo igandean ikusleria fidelari eskaintzeko.


Shares