hamaikaetabat

juan mateo zabala euskaltegiaren peña

mikel 2013 / 06 / 20

::Mikel Etxebarria.

Athletic  hizpide izan ohi dugun lerro hauetara talde bilbotarrekin harremanik izan ez zuen kirolari harrigarria ekarri nahi dugu. Vicente Blancok ez zuen inoiz Athletic-en jokatu eta ez dakigu futbola gustuko zuen ala ez, baina zailtasunen aurrean erakutsi zituen indarra, kemena  eta konplexu eza izaten dira gure taldeko kideentzat nahi ditugun ezaugarriak.

Vicente Blanco Etxebarria “El Cojo” apenas ezagutzen dugun arren, euskal kirolean inoiz egin den balentriarik handienaren protagonista izan zen.

Blanco Deustun jaio zen 1884an. 13 urte zituela, itsasontzi batean hasi zen lanean. Bizimodu hura gogorregia iruditu zitzaionez, itsasoari agur esan eta orduko gazte askok legez, metalurgia – industrian aurkitu zuen ogibidea. Erabaki horrek berebiziko garrantzia izan zuen Vicenteren bizitzan.

Basauriko Basconia”n lanean zegoela, gori – gori zegoen burdina barra batek oina zeharkatu zion alderik alde. Bi urte geroago, Euskalduna ontzioletan, osasuntsu zuen oina makina batean sartu zuen eta behatz guztiak galdu zituen. Handik aurrera, normaltasunez ibiltzeko arazoak izango zituen bizitza osoan zehar. Arazoon ondorioz, zabortegi batean aurkitu zuen bizikleta erabiltzen hasi zen. Hasi eta trebatu!

 

Vicente Blanco

Vicente Blanco

Vicente Blanco pertsonaia xelebrea izan zen. Horren adibide dugu parte hartu zuen lehenengo lasterketa ofiziala. Bizkaiko Federazioaren baimena lortu ostean, Bilboko lasterketa batean izena eman zuen. Irteeran konturatu zen gehienak txirringaz ibiltzeko arropa aproposa jantzita zeudela. Halakorik ez zuenez, prakak eta alkandora eranztea bururatu zitzaion eta horrela abiatu zen urduri bezain itxaropentsu. Zoritxarrez, ez zen urrutira heldu. Izan ere, eman beharreko lehen itzulia amaitu orduko, udaltzainek atxilotu zuten eskandalu publikoa leporatuta.

1908an lasterketa asko irabazi zituenez, Bizkaiko Federazioak ordezkari aukeratu  zuen Espainiako txapelketan parte hartzeko. Urte hartan Asturiasen antolatu zen lasterketa eta, egin ohi zuen moduan,  txirringa gainean egin zuen bidaia lasterketaren bezperan bertan. Txapelketa irabazteko burutu zuen amarruak ederto erakusten  digu “ El Cojo”ren izaera.

100 kilometroko ibilbidearen erdian, txirrindulariek epaileen kontrol-gune batean sinatu behar zuten. Blanco, beste hiru txirrindularirekin batera, ihes eginda heldu zen kontrol horretara. Ziztu bizian, bizikletatik jaitsi, sinatu eta bideari ekin egin zion berriro Vicentek. Hurrengo txirrindulariak, ordea, ezin izan zuen sinatu, arkatzari punta falta zitzaion eta. Epaileek zorrozkailurik ez zutenez, labana batez atera behar izan zioten punta lapitzari. Gainontzeko txirrindulariek sinatu ahal izan zutenerako, herren hegalaria urrun zegoen.

Hurrengo urtean, emaitza onak ikusita, Manuel Aranazek, Bizkaiko Federazioaren presidenteak, 1910eko Tourrean parte hartzera animatu zuen. Urte horretan, hain zuzen, lehenengoz zeharkatuko ziren denboraz ospetsu bihurtu diren Peyresourde, Aspen, Torurmalet eta Aubisque. Ibilbidea ezagutu ostean, izena emanda zuten txirrindulari ugarik uko egin zion parte hartzeari, baina Vicente Blanco ez zen  atzera erraz egiten duten horietakoa.

Lasterketaren gastuei aurre egin ezin zienez, Bilbotik Pariserako bidaia 17 kiloko txirringa baten gainean egin zuen. Zenbakia hartzeko doi-doi heldu zenez, ez zuen atsedenik hartzeko aukerarik izan.

 

Blanco tourrean

Blanco tourrean atera zioten argazki bakarrean. Txirringari eusten diona da

55 zenbakia egokitu zitzaion, “isolés” txirrindularien artean. Izen hori ematen zitzaien talderik gabe parte hartzen zutenei. Inolako laguntzarik gabe, jatekoa eta ostatua euren kasa bilatu behar zuten, askotan  frantsesez tutik ere jakin gabe. Lehenengo etapan Blancok izugarri sufritu zuen: 300 kilometro, errepide eskasa, eroriko batzuk, beherako itzela … Helmugara heldu zenean, porru eginda zegoen. Indarrak berreskuratzeko txuletoi handia afaldu zuen taberna batean. Honek, noski, indartu barik, kakalarria areagotu zion. Horrela, bada, uztailaren 4an, bigarren etapa amaitu ezinik, txirringatik jaitsi eta ametsari agur esan behar izan zion Jose Blanco Etxebarriak, oinik gabeko txirrindulariak.

 


Shares