::Mikel Etxebarria.
Gaurko mendi txangoa egitera Izki natura parkera joan gara, Korres herrixkara hain zuzen. Izki Arabako Mendialdean dago eta Errioxarekin eta Nafarroarekin muga egiten du. Bilbotik heltzeko modurik errazena da Gasteiza joan eta Lizarrarako errepidea hartu. Azazeta herria pasatu ondoren, Maeztura, inguruko herrigune handienera, ailegatzen da.
Maeztun aukera ugari daude: Musituko ur-jauzietara igo, Korresetik Antoñanara oinez joan..zein baino zein erakargarriagoa, baina ezagunak guretzat. Hori dela eta, Mantxibio mendira joan gara. Korreseko interpretazio zentroan[i] zenbait mapa hartu ostean , mendirako bidea hartu dugu.
Mantxibiorako bidea ibaia eta herrira heltzen den errepidea igarota hasten da. Hasieran pista zabala eta erosoa izan arren, apurka – apurka zailtzen hasten da bidezidor bilakatuta. Ikuspegia zoragarria da, hortik Europako ameztirik handiena ikusten baita. Oso lokaztuta zeuden bi pagadi zeharkatu behar izan ditugu azken aldapa igotzeko. Bide estu eta erpina, eta gaur, lokatzez beterik . Horrela, bada, behin baino gehiagotan heldu behar izan diegu bide ondoko ezpelei laprast ez egiteko.
Gailurrean, 20 minutuko atsedenaldia hamaiketakoa egiteko, eta jaisten hasi gara. Egia esan, nahiko kezkatuta geunden jaisteko bidea oso labainkor zegoelako. Azkenean, bide zuzena adierazten duten markei kasurik egin gabe, mendian zehar [ii] itzuli gara, jaitsiera luzeagoa baino errazagoa.
Izkiko herri gehienak oso txikiak direnez, ez daukate non bazkaldu. Aukera bakarrak Maeztun eta Kanpezun daude eta gu aurretiaz ezagutzen genuen Maeztuko “Izki” landetxera joan gara, ondo eta merke[iii] jaten da eta.
Itzultzerako bidaian Legutioko terraza batean geldialditxoa egin dugu digestioa, beroa eta bolantea lagun txarrak baitira.
[i] Korres Maeztutik bost kilometrora dago. Herri txikia da, baina handik pasatzen dira Izki zeharkatzen duten ibilbide gehienak.
[ii] Izkiko mendietara joateko makila eta praka luzeak eramatea behar- beharrezkoa da. Praka luzeak eramanda ere, urraduraz beteta heldu gara.
[iii] Gazta, pikillo piper eta bokarta entsalada, txerri-azpizunea oporto saltsan, goshua eta ebakia 17 euroan.




![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



