::Mikel Etxebarria.
Zale askori galdetuko bagenie zein izan den ligako goleatzailerik onena, ziur hainbatek Messi, Hugo Sanchez, Cristiano Ronaldo … aipatuko lituzketela. Ez dago zalantzarik horiek, zelai gainean behintzat, jokalari apartak izan direla, baina inoizko “killer” trebe eta beldurgarriena Trapagarango jokalari bat izan da: Bata. Athletic-eko aurrelariak 1930/31 denboraldian Pitxitxi saria irabazi zuen 17 partidatan 27 gol sartuta; hau da, 1´59 gol partidako. Gainera, Kubalarekin batera, urte hauetan guztietan iraun duen beste marka baten jabe da: ligako norgehiagoka bakar batean gol gehien sartu duen jokalaria. Barçari sartutako zazpi golak Athletic-en handitasunaren adibide eta erakusle dira.
Agustin Sauto Arana “Bata” 1908an jaio zen. Bata ezizena ezarri zioten arropa ez zikintzeko amak janzten zion mantalagatik. Barakaldon jokatu ostean, 1929an Athletic-ek fitxatu zuen, eta bertan jokatu zuen 1936ko guda hasi arte.Urte horietan, Mister Petland-en zuzendaritzapean, Athletic-ek profesionalismorako lehen urratsak eman zituen: entrenamenduak astean bitan, soldata apurra, futbolean jokatzeko material egokia … Teknika arloan ere, Petland-en irakaspenak oso berritzaileak izan ziren eta horrela,bada, motzean jokatzea eta abiadura nagusitu ziren joko luze eta indarraren kaltetan.
Mekanika zoragarria zuen talde horren kontra jokatu zuen Barçak 1931eko otsailaren 8an. Llorens-ek, Barçaren atezainak, hamabi bider jaso behar izan zuen baloia sare barrutik, eta gezurra badirudi ere, hamabi goletatik zazpi Batak sartu zituen. Partida amaituta, ikusleen txalo-zaparrada jaso arren, atezainaren negarra kontsolaezina izan zen.
1936an, gudaren erruagatik liga bertan behera geratu zenean, Batak euskal selekzioren kamiseta defendatu zuen Europa eta Amerikan zehar. Guda amaituta, Barakaldon bukatu zuen kirol-ibilbidea 1943ean.Orain dela urte gutxi Bataren alaba ikasle izan nuen euskaltegian. Egun batean eskolan botatako esaldiak ederto definitzen du garai hartako futbola. Haren hitzetan, aita ez zen futbolaria izan, futbolean jokatzen zuen behargina baizik.



![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



