hamaikaetabat

juan mateo zabala euskaltegiaren peña

mikel 2013 / 07 / 5

::Mikel Etxebarria.

Aurreko batean jokalari eredugarri eta duinez aritu ginen. Oraingo honetan, partida galdu ordez, heriotza nahiago izan zuten jokalari ukraniar batzuen berri emango dizuegu.

Sobiet Batasun-ean futbolak arrakasta handia zuen, Ukrainian bereziki. 1941ean, urte txar batzuk pasa ondoren, Kiev-eko Dinamoren jarraitzaileak itxaropentsu zeuden hastear zegoen ligari begira. 1941eko liga, ordea, bertan behera geratu zen, urte horretan alemaniarrek Sobiet Batasun-a inbaditu zuten eta.  Kiev  inbaditzaileen esku pasa zenean,  hirian geratzen ziren[i]  jokalari gehienak preso edo kale gorrian zeuden.

Iosif Kordik, dinamozale sutsua, okindegi baten jabea zen. Alemaniarrek okinaren negozioa errespetatu zuten, jatorriz alemaniarra zelako. Egun batean, Iosif-ek eskale bat ikusi zuen lurrean botata. Aurpegia ezaguna egin zitzaionez, hurbildu egin zen, eta bere harridurarako, Mikola Korothykh-ekin, Dinamo-ko atezainarekin egin zuen topo.

Korothykh

Korothykh

Atezainaren egoera penagarria ikusita, okindegirako kontratatu zuen Kordi-k. Handik gutxira, talde bat osatzeko asmoz, aspaldiko jokalariak aurkitzeko eskatu zion atezainari. Horrela, Dinamo-ko eta Lokomotiv-eko jokalari ohi batzuek Start izeneko taldea sortu zuten.

Ekainaren 21ean, Luftwaffe-rekin batera borrokatzen ziren hungariarren talde baten aurka jokatu zuen lehen partida Start-ek. Uztailean , ukraniarrek talde errumaniar eta alemaniarren aurka neurtu zituzten indarrak , eta guztietan garaile izan ziren ukrainiarrak.

Garaipen horien oihartzuna Alemania-ra heldu zen. Berlin-go buruzagien ustez, Start-ek ukraniarren kemena eta harrotasuna birpizteaz gain, arioen ustezko nagusitasuna kolokan jartzen zuen. Naziek ez zuten zalantza izpirik izan: talde horrek”desagertu” behar zuen.

Jokalariak akabatzeko agindua uda horretan bertan heldu zen Kiev-era. Ukrainia-ko agintari alemaniarrek agindua betetzeko prest zeuden, baina baldintza batez: desagertu aurretik Start-ekoek jokalari alemaniarren eskutiko porrota ezagutu beharko zuten. Horretarako, naziek Flakaff taldea eraman zuten Ukrainia-ra. Alemania-ko jokalaririk onenek osatzen zuten Start barregarri utzi behar zuen taldea.

 

heriotzaren partidarako sarrera

heriotzaren partidarako sarrera

Abuztuaren 6an , Zenit estadioan jokatu zen partida hura. Partida hasi aurretik, Start-eko jokalariek Gestapo-ren bisita izan zuten. Galtzen ez bazuten, hilko zirelako mahatxu argia jaso zuten.

Bi taldeak elkarrekin zelairatu ziren. Alemaniarrek agurra nazien erara egin zuten bitartean, ukraniarrek “Fizcultura!” egin zuten oihu. Horixe zen, hain zuzen ere, Sobiet Batasunean Heziketa Fisikoaren garbitasuna aldarrikatzen zuen oihua.

Mehatxuak mehatxu, Start-ekoek bost eta hiru irabazi zuten jokatu zuten azken partida hartan. Hiru izan ezik[ii], jokalari guztiak atxilotu eta batzuk fusilatu zituzten. Fusilatu zituztenean, Start-en kamiseta gorria zuten soinean.

Kiev-eko estadioan oroigarri bat dago jokalari hauen omenez. Bertan, honako hau dago idatzita:

“Arrosak zimeldu egin ziren, baina beraien izenak betiko gogoratuko ditugu”

Informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi bideo hau.

 



[i] Jokalari askok frontera joan behar izan zuten.

[ii] Hiru jokalarik ihes egin egitea lortu zuten. Iosif Kordik-en laguntzari esker, denbora luzez izkutuan egon ziren.


Shares