:: Mikel Etxebarria.
Francoren garaian Athletic-eko zuzendaritza kide gehienak erregimenaren aldekoak ziren. Banku eta industria -oligarkiaren ordezkari horiek frankismoaren ideia eta irizpide nagusien jarraitzaile zorrotz eta leialak izan ziren.
Orain kontatuko dudana benetako pasadizoa da, baina protagonisten «izen ona» gordetze aldera, urtea, lekua eta protagonistak isilduko ditut. Horrelako datuak emanez gero, gizon horien ondorengoek erraz antzemango lituzkete, baina ez dut inoren itzal ona zapuzteko asmorik.
Dena Ekialdeko Europan gertatu zen, Ferias Koparen[i] kanporaketa batean. Zenbait talderi gailendu ostean, Athletic-ek Altzairuzko Oihalaz bestaldeko hiriburu batera egin behar izan zuen bidaia. Nazioarteko partida guztietan bezala, “mundua ezagutzeko” asmoz edo, zuzendaritza-taldeko askok lagundu zieten jokalari eta teknikariei.
Bidaia luzea egin ondoren, espedizioak hiriko hotelik onenean ostatu hartu zuten. Ohi bezala, denek elkarrekin afaldu zuten eta goiz oheratu ziren, hurrengo eguneko norgehiagokari ahalik eta egoera onenean ekiteko. Jokalari batek, ordea, gaua «turismo egiteko» aprobetxatu nahi izan zuen. Gelakidearen zurrungak entzun arte itxaron zuen gelatik ateratzeko.
Ahal izan zuen moduan; hau da, keinuka eta eskupeko baten laguntzaz, bilatzen zuen informazioa lortu zuen hoteleko harreran. Harreragileak, harridurazko aurpegia jartzeaz gain, zerbait ulertezina esan ere esan zion urduri antzean, paper batean putetxe baten izena eta helbidea idazten zituen bitartean.
Atean bertan zegoen taxi batek hiriko beste auzo batean zegoen putetxera eraman zuen. Lokala soto batean zegoenez, eskailera batzuk jaitsi behar ziren. Goitik lokal osoa ikusten zen: barra handia, mahai batzuk, piano bat izkina batean, bezeroak eta neskak han-hemenka … Jokalaria goian paratu zen txukun eta abegitsua iruditu zitzaion sotoari begira. Jaisten hasi zenean, berriz, odola izoztu zitzaion. Barraren ondoan, neska batzuek lagunduta, taldeko zuzendariak eta masajista ez zeuden, bada! Buelta erdia ematea eta hortik korrika irtetea erabaki zuen, baina beranduegi, behetik norbait beraren izena ozenki aipatzen ari zen eta.
Badirudi horrelako ataketan burua ongien ibiltzen dela eta kasu honetan halaxe gertatu zen. Une horretan bertan ulertu zituen hoteleko harreragilearen gehiegizko keinu eta azalpenak: zuzendaritza-taldekoek “zelestina” bera erabili zuten.
Zuzendariak botatako harridurazko oihuak pianoa eta bezeroak isilarazi zituen. Denak gora begira, gure gizonari begira. Bat – batean jokalaria eskailerak jaisten hasi zen, apurka – apurka eta herrenen moduan. Horrela, plantak eginez, zuzendariengana hurbildu zen. Inork ahoa zabaldu baino lehen, honako hau esan zion besteak bezain harrituta zegoen masajistari:
“ Izugarri kostatu zait, eskerrak aurkitu zaitudan! Non sartu ote zara, bada? Oheratzerakoan uzkurdura izan dut hankan eta herren geratu naiz. Masajea behar nuenez, zure bila ibili naiz hoteletik zoroen pare. Azkenean, harrerakoak esan dit hemen zeundela »
Istorio honen protagonistak aitortu zidanez, inork ez zuen uzkurdurarena sinetsi, baina galdetu ere, ez zuten gehiegi galdetu, ez zitzaiolako inori komeni kontua zabaltzea.
Athletic-ek partida hori galdu zuen eta Ferias Kopatik kanpo geratu zen. Hala ere, gure gizonari ezin zaio hori leporatu; izan ere, biharamuneko partida ez zuen jokatu lesionaturik zegoen eta.



![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)




Pernando Amezketarraren ateraldiak bezalakoxea da geure jokalariarena!