::Mikel Etxebarria.
Bizkaiko ume askoren ametsa Athletic-en koloreak defendatzea izan da. Amets ederra bezain zaila, asko eta asko izan direlako bidean geratu direnak. Horregatik, Rafa Escudero Etxebarriaren kasua egiten zaigu hain harrigarria. Athletic izugarri maite bazuen ere, bihotzeko taldeari ezetz esan zion.
Rafa Escuderori familiatik zetorkion futbolarekiko zaletasuna, German Etxebarria “Maneras”[i] osaba zuen eta. Indautxuko lagun batzuekin batera, arazo ekonomikoengatik desagertu zen Indautxu Kirol Elkartea berriro jarri zuen martxan. Guda amaitu berria zen, eta talde askok behar beste jokalari ez zuten. 1939ko udan Athletic-ek bost jokalari baino ez zuenez, beste talde batzuetan jokatzen zuten jokalariei deia luzatu zien. Onenak aukeratze aldera, lagunarteko partida batzuk jokatu ziren, eta ondorengo emaitza zoragarriak ikusita, argi dago aukeraketa ona egin zutela orduko kirol-arduradunek.
Rafa Escuderok Athletic-en jokatzeko deia jaso zuen, baina Indautxukoak uko egin zion, profesionaltasunak kirolaz zuen ikuspegiarekin talka egiten zuelako. Futbola gustukoa zuen, baina haren gainetik beste balore batzuk jartzen zituen. Gainera, kirol egiteagatik kobratzea ez zen bere buruan sartzen.
Hiru urtez ibili zen Athletic Escudero fitxatu nahian, eta azkenean 43/44 denboraldian lortu zuen. Denboraldian zehar jokalari ugari larriki lesionatu zirenez, entrenatzaileak arazo larriak izaten zituen hamaikako lehiakorra osatu ahal izateko. Zuzendaritza-taldekoek Indautxuko presidentearekin eta jokalariaren aitarekin hitz egin ondoren, Escuderok Athletic-ekin lotzen zuen kontratua sinatu zuen. Bertan, bi baldintza ezarri ziren: dohainik jokatuko zuela eta taldea utziko zuela lesionaturiko jokalariak osatu ondoren.
Taldean zegoen amateur bakarrak berebiziko garrantzia izan zuen denboraldi hartan. Berak sartutako gol bati esker, Athletic kopa finalerako sailkatu zen. Gainera, Valentziaren aurkako finalean garaipenaren gola sartu zuen. Zaleek heroi berria zuten, baina iragankorra. Izan ere, jarraitzeko proposamen ugari jaso arren, taldea betiko utzi zuen. Athletic-ek oparitutako erloju bat izan zen Escuderok onartu zuen gauza bakarra.
Handik aurrera, Indautxun jarraitu zuen jokatzen amateur- mailan. Maila horretan, hain zuzen, Bilbon antolatu zen Espainiako txapelketa irabazi zuen. Garaipen samingarria, ordea. Garaikurra hartzean txistualdi izugarria entzun behar izan zuen, Bilboko zaleek ez ziotelako inoiz barkatu Athletic utzi izana.
Urte batzuk igarota, Athletic-era itzuli zen presidente ordea izateko. Hala ere, aurrekoan bezala, ez zuen denbora luzea iraun. 1953ko abenduaren 4an emaztearekin batera hil zen hegazkin-istripu batean. Haren omenez, hirugarren mailako txapeldunari dagokion trofeoak Rafael Escudero izena darama.



![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



