hamaikaetabat

juan mateo zabala euskaltegiaren peña

mikel 2013 / 07 / 27

::Mikel Etxebarria.

Jende askok ez dakien arren, Bizkaian bada beste talde bat kopa irabazi duena: Getxoko Arenas. 1912an sortua, guda hasi arte Athletic-en lehiakide handienetakoa izan zen. 1917, 1919, 1925 eta 1927 urteetan finala jokatu zuen. Bigarren finalean, 1919an, titulua lortu zuen  Barçari 5 eta 2 irabazi ostean. Gainera, lehenengo liga jokatu zutenen artean Arenas zegoen, Jose Maria Atxa areetarren presidentea antolatzaile nagusi zelarik.

Urte luze hauetan asko izan dira Arenas-etik pasatu diren jokalari eta teknikoak[i].  Lerro hauen bidez, Jose Mari Yermo Salaegi, Jose Mari “Panotis” Jauregi eta Pedro Vallana gogora ekarri nahi ditugu. Nahiko ahaztuta dauden arren, meritu handiko jokalari eta kirolari horiek balentria handien protagonistak izan ziren.

Yermo

Yermo

Jose Mari Yermo. Areetan jaio zen 1903an. Kirolari izugarria. Futbolean jokatu aurretik, luzera-jauzian eta jauzi hirukoitzean Espainiako errekorrak ezarri zituen. 1928an, Amsterdam-eko joko olinpikoetan hiru kiroletan parte hartu zuen: futbolean, 400 metroko lasterketan eta pistako txirrindularitzan. 1932an Ebro ibaia zeharkatu zuen arraun-kolpean.

Futbolari dagokionez, Yermok aurrelari jokatu zuen. Oso indartsua eta arina zen, ia-ia geldiezina. Arenas-en 30 gol sartu zituen 50 partidatan[ii]. Amsterdam-eko joko olinpikoetan, Mexikoren aurkako partidan, Espainiako selekzioaren lehenengo hat-trick-a[iii] egin zuen.

 

 

"Panotis" Jauregi

«Panotis» Jauregi

Jose Mari “Panotis” Jauregi. Areetan jaio zen 1896an. Arenas-en urrezko garaiaren atezaina. Txikitan, atezain euskaldun askoren moduan, pilotari aparta izan zen. Ricardo Zamora eta Eizagirre atezain handien garaikide izan arren, “Panotis” nazioarteko jokalaria izatera heldu zen eta Amsterdam-eko joko olinpikoetan parte hartu zuen.

Garai hartako futbolean oso inportantea zen ezaugarria zuen: penaltiak gelditzeko izugarrizko erraztasuna. Liga hasi arte, txapelketa guztiak aurrez aurreko kanporaketak izaten ziren eta berdinketak, luzapena jokatu barik, penaltien jaurtiketen bidez apurtzen ziren. Oso nagusia zelarik, penaltiak gelditzeko sistema bat zuela , baina Athletic-eko atezainari [iv]baino ez ziola emango esan zidan[v]. 1988an hil zen, sekretu preziatua berekin eraman zuelarik.

 

Pedro “Perico” Vallana.  1897an jaio zen algortar honek Arenasen 1912tik 1929ra jokatu zuen. Atletismoan ere aritu zen eta 1923an, Peña, Agirre eta Pagaza taldekideekin batera, Espainiako txapeldun izan zen 4 x 250 lasterketan.

Vallana atzelaria zen; beraz, garai hartako posturik zailenean[vi] jokatzen zuen. Zeukan abiadurari esker beti egoten zen leku egokian eta kroniken arabera, Vallanak eta Kareagak orduko defentsa-multzorik onena osatzen zuten.

Vallana

Vallana

Futbola utzi ostean arbitro eta kazetari lanak tartekatu zituen.  Guda hasi zenean, euskal selekzioaren hautatzaile eta arduraduna izan zen. Taldea desegin zenean, Uruguain geratu zen eta hantxe jarraitu zuen arbitro eta kazetari. 1942an, Montevideon  zuzendu zuen nazioarteko partida batean[vii]Agirre lehendakaria palkoan buru izatea lortu zuen.

1980an hil zen Uruguaiko hiriburuan.

 



[i] Peña anaiak, Robus Bilbao, Sesumaga, Zarraga, Melendez, Carlos Pouso, Javi Clemente…

[ii] Garai hartan askoz partida gutxiago jokatzen ziren, ligako partaideak 10 baino ez ziren eta.

[iii] Jokalari batek hiru gol sartzea partida batean.

[iv] Biurrun zen orduko atezaina.

[v] Aitite Juanek lagun zuen Jauregi.

[vi] Garai hartan bi atzelarik eta bost aurrelarik jokatzen zuten.

[vii] Nacional-River Plate

Erantzun bat orain arte.

  1. unai dice:

    Gaurko jokalariek baino meritu handiagoa zeukaten


Shares