::Mikel Etxebarria.
Athletic jaio zenean ez zegoen kirol atalik orduko prentsan. Partidei buruzkoak gizarte-kroniketan agertzen ziren eta kirolari baino askoz gehiago erreparatzen zitzaion alderdi sozialari.
XX. mendeko 20ko hamarkadan, futbolaren profesionaltasunarekin batera, gaur kirol-prentsa bezala ulertzen duguna jaio zen. Bilboko Excelsior eta Donostiako Argia izan ziren protagonistak. Biak abertzaleak izan arren, futbolaz zeukaten ikuspegia oso ezberdina izan zen.
Estatuko lehen kirol-egunkaria Excelsior izan zen[i]. Euzkadi eta La Tarde argitalpenak bezala, Comunión Nacionalista Vasca alderdiaren esku zegoen. Hasiera-hasieratik inportantzia handia eman zion futbolari eta atzerritarrik gabe jokatzeko filosofiaren alde lerrokatu zen. Arrakasta handia lortu zuen eta egunean 20. 000 ale baino gehiago saltzen zituen.
Erabilitako terminologiari dagokionez, jatorrizko hitzak erabiltzen zituen. Horrela, bada, team, foot-ball, goalkeeper … ohikoak izaten ziren Bilboko egunkariaren zutabeetan[ii].
Excelsior nazionalismoaren ikuspegi laiko eta hiritarraren adierazpena izan zen.
Argiak, Donostian argitaratzen zen euskarazko aldizkariak, futbolaz zuen ikuspuntua oso bestelakoa zen. Argitalpenak erlijio eta euskal kultura hartu zituen banderatzat eta lehenengo aleetatik, euskal kulturaren izen handien laguntzaz[iii] futbolaren aurkako gurutzada abiarazi zuen. Pilota ez bezala, kirol arrotza zen, kanpotik heldutakoa eta hirietan, gune erdaldunetan, alegia, jokatzen zen. Gainera, zaleak gehiegi sutzen zituen eta honek portaera desegokiak eragiten zituen.
Hala ere, euskal zaleok Argiari zor dizkiogu egun oso arruntak diren atezain, erdilari, aurrelari … bezalako terminoak, euren kazetariek asmatu zituzten eta.
Francoren garaipenak berekin ekarri zuen bi argitalpenen desagerpena.



![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



