::Maite Gonzalez Bilbao.
Futbolari batzuek, beren lanagatik ez ezik, komunikabideetan kirolez kanpoko gai askorengatik ere presentzia handia izaten dute. Asko oso ezagunak dira bai beren amodio kontuei esker bai gau-parrandei esker, baina beste batzuk janzteko duten gustu eskasagatik, askotan zatarkeriaren marka guztiak apurtuta. Honen adibide argia Sergio Ramos dugu, Real Madrileko jokalaria.
Ulertezina da jokalari hauek irabazten dutenarekin hain gaizki janztea, argi geratzen da klasea eta gustu ona ez direla diruarekin erosten. Hainbeste milioi kobratuta, batzuetan ez dakite zer erosi, armairuak markako arropaz betetzen baino ez dakite. Orain dela urte batzuk Sergio Ramos Espainiako Selekzioaren kontzentraziora eraman zuen piurak erabat harritu ninduen: traje zuria, alkandora grisa eta izugarrizko betaurrekoak. Gustu eskaseko ezkontza batera joateko perfektua!
Badarkeriaren beste izarretako bat Cristiano Ronaldo da. Bere look-a ez dago nondik hartu, oinetatik bururaino desastre hutsa da! Sport estiloa janzteko orduan, goitik bera Gucci, Versace eta Dolce Gabbanaz joateak eta ile-gogortzaile tonaka eramateak futbolaria choni-ena izatera eraman du.
Janzkeraz aparte, futbolarien azken moda orrazkera arraroak egitea da. Uda honetan arreta bereganatzea lortu duena Ramos izan da ilea ilehori platinoz tindatuz. Ez dakit zergaitik baina Real Madrilekoei asko gustatzen zaie ile horaila, hainbat jokalari etortzen zaizkit burura, David Beckham edo Guti. Eta nork ez ditu gogoratzen Torres-en xerloak?
Pentsatuko duzue obsesio berezia daukadala Madrilgo jokalariekin, baina oso gustu txarra daukate. Aitortu behar da ere, udako fitxaketarik sonatuaren orrazkera oso berezia dela, eta honek Bartzelonan jokatzen du. Neymar-ri asko gustatzen zaio krestak eroatea, eta kolore desberdinez tindatzea. Diferentzia klubetan dago, Bartzelonak jokalariari eskatu baitio zuhurra izan dadila bere orrazkeran.
Gure inguruan ez dira oso ohikoak kasu hauek, baina egon badaude. Athletic-en ere orrazkera xelebreak ikusi ditugu berdegunean. Bereziki gogoratzen ditut Fran Yesterenak, rasta zurigorriak, krestak eta ilehori platinoa eroan ditu. Errealak ere badauka bere jokalari xelebrea, Griezmann nahiko berezia da orrazterako orduan.
Ez dakit profesioagatik den, edo atentzioa emateko gogoagatik, baina futbolariek gero eta gustu txarragoa dute, hainbeste diru eta probetxurik ez!!







![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



