::Maite Gonzalez Bilbao
Bai, ondo irakurri duzue, Joseba Etxeberria lehen taldeko hirugarren entrenatzailea izango da denboraldi honetan. Nahiz eta gazte-mailako talde nazionalaren entrenatzaile izan, Ernesto Valverde eta bere taldearekin ere jardungo du. Valverderen eskutik datorren iniziatiba honekin profesionalak hezteko sekretuak irakatsi nahi zaizkie Lezamako entrenatzaileei.
Aurtengo aukeratua Etxeberria izan da, baina Valverde Athletic-eko aulkian jarraituz gero, datorren urtean beste bati tokatuko litzaioke. Honen helburua Lezamak lehen taldearekiko konexio zuzena izatea da.
Jokalari askok futbola uzten dutenean, mundu horri lotuta jarraitzen dute, gehienek entrenatzaile moduan. Ez dut uste oso erraza izango denik urte batetik bestera jokalari izatetik entrenatzaile izatera pasatzea. Horregatik, Valverde bezalako profesional batekin “entrenatzaile-praktikak” egitea ideia bikaina iruditzen zait.
Badakit orain arte “Etxebe” entrenatzaile gisa aritu dela, baina maiz ikusi dugu beheko kategorietan onak diren entrenatzaileek ez dutela arrakastarik izaten lehenengo mailara heltzean. Ziur nago, edo behintzat esperantza hori daukat, urte batzuk barru, Joseba Etxeberria, San Mameseko aulkian jesarrita ikusiko dugula taldeko entrenatzaile moduan.
Gainera, iniziatiba hau talderako ere ona izango dela uste dut. Athletic-eko jokalari askok Joseba Etxebarriarekin jokatu dute eta ezagutzen dute eta horrek erlazio estutuko du une gozoetan zein zailetan.
Benetan oso apustu ona, etxeko jendearekin etorkizunari begiratzeko proiektu paregabea!



![All-you-need-is-love[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/All-you-need-is-love11-80x60.jpg)
![logo_hamaikaetabat-310x150[1]](https://www.hamaikaetabat.eus/wp-content/uploads/logo_hamaikaetabat-310x1501-80x60.jpg)



